Lopezen hutsuneak

2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Zerga politika. Krisiak Eusko Jaurlaritza zerga politikaren erreforma eskatzera behartu du, baina ia ez du urratsik egin. PPrekin legegintzaldirako sinatu zuen akordioan, esaterako, ez zuen zerga politika aipatu ere egiten. Gero, ez ditu behartu Arabako (PP) eta Bizkaiko (EAJ) foru aldundiak —zerga politikaren arduradunak— urratsak egitera. Eta urratsak egin ahal izan dituenean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin (Bildu), aldundiaren proposamena leuntzeko baliatu du.

Sindikatuekiko harremana. Patxi Lopezek greba deialdi batekin hasi zuen agintaldia, eta beste batekin amaituko du. Greba orokor gehien izan duen lehendakaria da. Egia da, dena den, ez direla greba denak Eusko Jaurlaritzaren politiken eta erabakien kontrakoak izan.

Jaurlaritzak ELArekin —eta CCOOrekin— sinatu zituen 2009an EAEko Administrazioaren lan baldintzak. ELAk bederatzi urte zeramatzan alor horretan akordiorik sinatu gabe. Akordioak gutxi iraun zuen, eta geroztik harreman gatazkatsua, aurrez aurrekoa izan du gehiengo sindikalarekin.

Lanbide. Gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta eta laneratzea lotu ditu, eta Lanbideren esku geratu da kudeaketa. Prozesu horretan milaka lagun geratu dira laguntza jaso gabe, eta iruzurraren susmoa zabaldu du laguntzaren bat jasotzen duten guztien artean. Errenta jasotzeko baldintzak gogortu egin ditu: errolda epe luzeagoa, lanpostu «egoki» bat baztertuz gero laguntza galtzea...

Defizitaren muga. Lopezek esan zuen Espainiak Konstituzioaren bidez autonomia erkidegoen defizitari muga ezartzeak ez zuela mugatuko Eusko Jaurlaritzaren autonomia, baina praktikan mugatu egin du. Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuak jotako doinuan dantza egiten ari da.

Murrizketak. Murrizketei aurre egin diela esan du behin eta berriro, baina urtero murriztu ditu aurrekontuetako atalak, eta murrizketak aplikatu dizkie langile publikoei.

Kutxabank. Eusko Jaurlaritzatik kanpo zegoenean kutxen bat egitea zapuztu zuen; Eusko Jaurlaritzara iritsitakoan, aldiz, babestu egin du. Hala ere, azkenean jokoz kanpo geratu da Kutxabanken: EAJk eta PPk elkarrekin hitzartu dute aginte organoen antolaketa eta hautaketa.

Krisiaren kontrako planak. Krisiari aurre egiteko hainbat neurri eta plan onartu ditu. Urtero, esaterako, kontratazio zuzena bultzatzeko laguntzak eman ditu, baina behin-behineko lanpostuetarako. Krisiaren kontrako planak aurkeztu dituenetan ere, gehienetan lehendik onartutako neurrien bilduma izan dira, plan izena jarrita.

Kupoaren Legea eta Ekarpen Legea. Ez ditu konpondu Jaurlaritzak —eta foru aldundiek— eta Espainiako Gobernuak kupoaren kalkuluan dituzten desadostasun kronikoak. Ezta Espainian PSOEk agintzen zuenean ere. 2007-2011 arteko Kupoaren Legea luzatu egin zuten, eta oraindik hitzartzeko dago 2012-2016 artekoa. Jaurlaritza berriak egin beharko du.

Ekarpen Legeak finkatzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoen arteko diru joan-etorriak. Iaz amaitu zen bost urteko iraupeneko legea, eta Lopezek legea gaurkotu gabe utzi du kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.