Boikota Israeli

‘Lost in Occupation’

Scarlett Johansson aktoreak Oxfam utzi du, Israelgo SodaStream konpainiari irudia emateko. Okupazio politikaren kontrako boikota, ordea, indartzen ari da munduan.

Jon Fernandez.
2014ko otsailaren 9a
15:04
Entzun

Bere karrerako lehen Oscar saria irabazi du Scarlett Johanssonek, eta ez da izan azken filmean egindako antzezpena bikaina izan delako, ez. Aktore estatubatuarrak joan den astean hartutako erabaki polemiko batengatik jaso du saria. Zazpi urtez bere irudia eman ostean, besteak beste palestinarren eskubideak defendatzen dituen Oxfam gobernuz kanpoko erakundea uztea erabaki zuen, «bateraezina» zelako SodaStream freskagarrien Israelgo enpresarekin sinatutako publizitate kontratuarekin. Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministro ultraeskuindarrak txalotu egin du Johanssonen jarrera, «erabaki ausarta hartu duelako moralbakoen eta hipokriten aurrean». Harrotasunez, Liebermanek urrezko estatuaxka bat eskaini dio: «Gure Oscar saria Scarlettentzat da».

Soffia Coppolaren Lost in Translation film ospetsuko protagonista erabat galdu eta nahasi da Israel palestinarren lurretan egiten ari den okupazioaren auzian. Baina jatorri juduko aktorea ez da etikaren, interes ekonomikoen eta hipokresiaren zurrunbiloan jirabiraka dabilen bakarra. Israelgo konpainiez gain, pantailetan irudi «garbia» saltzen duten nazioarteko marka askok dituzte lantegiak okupatutako Zisjordanian, Jerusalem ekialdean, Gazan eta Golango lurretan. Urtetik urtera eta hilabetetik hilabetera, hala ere, gero eta gutxiago dira.

Nazioarteko legediaren arabera, legez kanpokoa da Israelek 1967ko mugak hautsi eta lurralde palestinarrak okupatzea, eta lur horietan ekoitzitako produktuen  eta bertan jarduten duten konpainien kontrako boikota indarrez ari da hedatzen BDSren kanpainari esker. Hollywoodeko izarraren kalapitak balio izan du azkenaldian gertatzen ari den sakoneko aldaketa bat munduko agendako lehen lerrora ekartzeko, eta bozgoragailu ezin hobea izan du, ABEetako Estatu idazkari John Kerry: «Bake prozesuak huts egiten badu, kalteak larriak izan daitezke guztiontzat. Israeli zilegitasuna kentzeko kanpaina bat abian da, eta jende askok babesten ditu horrelako ekinbideak. Boikotari eta bestelako zigorrei buruzko zurrumurruak gero eta ozenago entzuten dira».

Zurrumurruak baino zerbait gehiago dira dagoeneko. BDS mugimenduak Israelen kontrako boikotak, desinbertsioak eta zigorrak sustatzen ditu 2005az geroztik. Palestinako erakunde eta sindikatu nagusiek sortutako ekintza zibil gisa hasi zen, baina mundu osora hedatu da mugimendua, eta indartuz doa. Aurten, esate baterako, Herbehereetako PGGM pentsio funtsak —herrialdeko handiena da, 200.000 milioi euroko poltsarekin— Israelgo bost bankutan zituen inbertsioak eten ditu, «arrazoi etikoak» argudiatuta. Norvegiako Finantza Ministerioak bere pentsio funtsetatik kanpo laga ditu Danya Cebus eta Israel Investment Israelgo konpainiak. Ez dira bakarrak, domino efektu antzeko bat gertatzen ari baita batez ere Europa iparraldean: lurralde okupatuetan interesak dituzten Israelgo konpainia eta erakundeetan desinbertitzen hasi dira Danimarkako, Suediako eta Erresuma Batuko banku eta pentsio funts handienak.

Zubiak eta pobrezia

BDSren helburua, ordea, ez da bakarrik «okupazioaren amaiera» lortzea. Palestinarrek herri gisa eta norbanako gisa dituzten eskubideak defendatzen ditu, baina ez soilik Gazan, Zisjordanian, Jerusalem ekialdean eta Golanen. Izan ere, bakar-bakarrik eremu hori kontuan hartuz gero bazter utziko lituzke errefuxiatuta bizi diren beste bost milioi palestinar, eta 1967ko mugen arabera Israelen barruan bizi diren 1,2 milioi palestinar. Tel Aviv nazioartean baztertzea eta Israelgo «estatu juduari» munduaren aurrean zilegitasuna kentzea dira BDSren helburuak.

Boikota, hortaz, ekonomikoa baino gehiago da. Boikot komertzialari boikot akademikoa, kulturala, kirolariena, sindikala eta instituzionala gehitu dio BDSk, eta babes dezente ari da jasotzen. Baita garaipen batzuk ere. Besteak beste, Roger Waters Pink Floydeko kide ohiak eta Elvis Costello musikariak babestu dute boikot kulturala. Arlo akademikoan, berriz, Johannesburgoko Unibertsitateak 2011n eten zituen harremanak Ben Gurion Israelgo unibertsitatearekin, eta, iaz, Stephen Hawking fisikari eta astronomo britainiarrak uko egin zion Israelen konferentzia batean parte hartzeari, «palestinarrek deitutako boikota errespetatzeko». Era berean, ASA Ameriketako Ikasketen Elkarteak —5.000 kide ditu— eta AEBetako beste hiru unibertsitatek ere Israelekin harreman akademikorik ez izatea erabaki zuten 2013an.
Gaur-gaurkoz, hala ere, Benjamin Netanyahuren gobernuari minik handiena egiten dio boikot ekonomikoaren mehatxua benetan handitzeak. Lehen ministroaren berbetan, «palestinarren propaganda saio ezdeusa» zena «mehatxu estrategiko» bihurtu da azken urteetan. Lurralde okupatuetako enpresari israeldarrak hasiak dira galera ekonomikoak igartzen. Eta nazioarteko irudia orbantzeko arriskua dutela ere ikusi dute. Dainel Birnbaum SodaStream konpainiako buruzagiak aitortu du Zisjordanian duen lantegia «ipurdian ateratako pinporta» bihurtu zaiola Johanssonekin sinatu ostean. Asteon, galera handiak izan ditu New Yorkeko burtsan.

Johanssonek berak azaldu du freskagarri konpaniak Ma’ale Adumim herrian, Jerusalemetik 10 minutura duen lantegiak bostehun palestinarri lana ematen diela —1.300 langile daude guztira— eta konpainiak «zubi lanak egiten dituela lurraldeen artean». Areago, SodaStreameko buruzagiak baieztatu du konpainiak «aukera ekonomiko bat» ematen diela palestinarrei. Besterik uste du, ordea, BDSk: lurralde okupatuetako konpainien jardunak pobreziara kondenatzen dituela bertako palestinarrak.

504 multinazional

Luzea da legez kanpoko okupazio eremuetan lantegiak dituzten nazioarteko multinazional kopurua: Cemex, Hewlett Packard (HD), Dexia, Motorola, Volvo,McDonalds, Victoria’s Secret, Ben & Jerry’s... PAN Palestinako Aginte Nazionalaren azken zenbaketaren arabera, 50 herrialdetako 504 konpainia ari dira Israelen menpeko lurralde palestinarretan lanean. PAN joan den udazkenean hasi zen 50 estatuetara gutunak bidaltzen, gobernuek multinazional horiei mezu hau bidaltzeko: «Beharbada, ez duzu jakingo, baina legez kanpoko zerbaitetan ari zara inbertitzen».

Mundu osoko 260 erakundek, adibidez, bat egin dute VTJP Bakea Palestinan eta Israelen plataformarekin, Zisjordanian lantegia duen AEBetako izozki multinazionalari eskatzeko eten ditzan lurralde okupatuetako salmentak. Gainera, konpainiak Zisjordaniatik legez kanpo hartutako ura erabiltzen duela salatu du VTJPk. McDonald’s kateak, esaterako, uko egin zion iazko udaberrian Zisjordanian frankizia bat irekitzeari, «lurralde okupatuetatik kanpo jarduteko politika duelako konpainiak». Bada, sekulako kritikak jaso zituen janari lasterraren kateak Israelgo sare sozialetan, baina AEBetako multinazionalak nazioartean bere irudia «garbi» mantentzea hobetsi zuen.

Israelen okupazioaren kontrako boikot eta zigorrak jada ez dira soilik palestinarren aldarriak. Mendebaldeko zenbait boteregunetan ere errotu da ideia. Hau zioen joan den urtarrilean, esaterako, Financial Times kazetaren editorialak: «Hau ez da boikot bat egitea, nazioarteko legea betetzea baizik». Horrez gain, SodaStreameko buruzagiaren adierazpenei erantzunez, Londresko kazeta ekonomikoak azaldu zuen zein den palestinarrentzako lanpostuak sortzeko bidea: «Okupazioa amaitzea eta palestinarrei beren konpainiak sortzen uztea, eta ez lurraldeen arteko bakerako zubiak eraikitzea haien baimen barik».

Morala eta mehatxuak

Ildo berean, Europako Batasunak ere estutu egin du Tel Aviv azken hilabeteetan. Iazko uztailean, Bruselak zuzentarau bat onartu zuen, Palestinako lurralde okupatuekin zerikusiren bat duten erakunde eta enpresei EBko finantzaketa, inbertsioak, bekak edo sariak ematea debekatzeko —700 milioi euro daude kolokan—. Gainera, EBk Israel behartu egin nahi du lurralde okupatuetako produktuei etiketan jatorria jartzera. Bruselan pil-pilean dago oraintxe eztabaida. Joan den azaroan, bestalde, Horizon 2020 ikerketa zientifikorako Europako programa onartu zuen Bruselak, eta horrek ere lurralde okupatuetako erakundeak finantzatzea galarazten du. 

Tel Avivek gero eta gehiago nabari du nazioartearen mehatxua, baina, Netanyahuren esanetan, «moralgabea» da Israeli boikota egitea. Eta Bruselako eta Washingtongo presioez gain —halere, oraindik AEBek ematen dio Israeli babes ekonomiko eta politiko handiena: 2.300 milioi euro, armadarako eta 18.518 milioi, inportazioetan—, etxean ere baditu mehatxuak. Naftali Benett eskuin muturreko Ekonomia ministroak ohartarazi dio Kerryri gobernua utziko duela datozen asteetan aurkeztuko dien negoziazio proposamena «onartezina» bada. Horrek gutxiengoan lagako luke Netanyahuren gobernua, eta beste aliatu bat bilatu edo bozetara deitu beharko luke. Mehatxuak pilatzen ari zaizkio lehen ministroari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.