Volkswagen auzia

Lotsaren orbana

Volkswagen auzia auto konpainiatik harago doa, Alemaniaren garapen teknologikoaren sinbolo bat delako huts egin duena. Berlinek erantzun azkarra eta eraginkorra agindu du, Europako motorrean matxurarik egon ez dadin. Made in Germany-ren izen ona dago jokoan azken finean.

xabier martin
2015eko irailaren 27a
12:13
Entzun

Alemania lotsatuta dago. Bere nagusitasun teknologikoaren sinboloak traizioa egin dio bere buruari. Think Blue dio Volkswagen autogintzaren munduko enpresa handienaren leloak. Blue Motion hitzak lotzen dizkie bere diesel motorrei ezeren aurretik garbiak direla adierazteko. Baina gezurra da EA 189 motorraren kasuan. Black Think eta Black Motion bihurtu da Volkswagenen amesgaiztoan publizitate hori, gas kutsagarrien beltza urdinaren lekuan.

Hain da handia Volkswagenek egindako iruzurra, ezen Alemaniaren nagusitasun industrialaren irudia ere ukitu baitu. Angela Merkel kantzilerrak «erabateko gardentasuna» agindu du asteon; «gertatutako guztia mahai gainean» nahi du «lehenbailehen». Uve bikoitzaren prestigioan orban handia egin dute gas isuriak faltsutzeko softwarea baliatzea erabaki zutenek, baina kantzilerrak ez du nahi orban beltz hori konpainiatik kanpora ateratzea. Aitzitik, lotsaren zikina garbitzeko, mundu osoaren aurrean striptease bat egitea besterik ez dela geratzen erabaki dute Berlinen, eta azkar jarrarazi dituzte datuak eta erantzule batzuen buruak mahai gainean. Behar den guztia Made in Germany gehiagori kalterik ez egiteko.

Barkamena hainbat hizkuntzatan eskatzetik harago, ordea, zer egin motor garbien promesa egiten duen konpainiaren gezurra arintzeko? Wolfsburgoko egoitzaren erraietan zuzendaritza berritzeaz gain, Berlinen ere hesiak jartzen hasi dira motor trukatuen suak herrialdeko autogintzan ezer gehiago erre ez dezan. Ez alferrik Frankfurteko burtsan zigor handia jasotzen ari dira VWek ez ezik sektoreko beste hainbatek ere: Daimler, BMW eta Continental. VWek zer esanik ez: balioaren %36,5 galdu zuen bi egunetan (25.000 milioi euro); astea bukatzerako %32 inguru da galera.

Auto gehienak, Europan

Krisi honen neurria zein den ez daki inork oraindik, baina Alemaniaren esportazioetan eragin dezakeela abisu eman dute hainbatek. Krisi sistemikoaz hitz egiten da, Alemaniaren hazkundearen eboluzioan islatu daitekeen pitzadura handiaz. Denborak esango du Europako lokomotorraren ekonomiaren oinarrizko sektore osoa luparen azpian jartzea gehiegizkoa den ala ez. Daimler berak eta BMWk dieselak saltzen dituzte batez ere, eta BMWk akusazio zuzena jaso du Autobild aldizkarian. Segurua da VWek neurri erraldoia duela eta, Alemanian ez ezik, mundu osoan pisu handia duela.

Badaezpada, Berlinek striptease osoa exijitu dio Wolfsburgori. Horregatik jakin da AEBetan, eskandalua lehertu eta gutxira, 482.000 ez baina 11 milioi auto direla software sekretua dutenak mundu osoan, erdia inguru Alemanian, Frantzian, Italian eta Espainian salduak. Euskal Herrian, milaka batzuk daude. TDI 1.6 eta TDI 2.0-koak dira, Seat, Audi, Volkswagen eta Skoda etxekoak. Ikusteko dago AEBetako araudia urratu duten bezala, Europan ere legetik kanpo dauden ala ez.

Itxura guztien arabera, hala izango da, eta erantzun azkarra eman beharko du konpainiak orbana ahalik eta lasterren garbitzen hasteko. Tailerrera deitu beharko ditu autoak emisioen arazoa doan eta eraginkortasunez konpontzeko. Autoek, gainera, ezingo dute potentziarik galdu, Europa osoko kontsumitzaile elkarteak gainean izango baitira hori gerta ez dadin. Zaila dirudi, ordea, potentziari eta kontsumoari eutsita, emisioak gutxituko dituen soluzio tekniko erraz bat topatzea. «Ardura guztia gure gain hartuko dugu, eta konponketen gastuak ere bai», esan du VW Espainiak ohar batean.

EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak esan duenez, auto trukatua duten euskal gidariek VWek deitu arte itxaron behar dute. «Konponketa ordu batzuetan luzatzen bada», ordezko autoa eskatzeko eskubidea izango lukete; eta softwarea aldatzeak ekar ditzakeen beste albo ondorio batzuk ere VWen bizkar joan beharko dute, adibidez, matrikulazio zerga eta udalaren zirkulazio zerga garestitzea.

Gain behera doan prestigioari are kalte handiago ez egitea dago jokoan, finean. Alemaniarentzat bere ingeniarien sinesgarritasuna zein neurritan den garrantzitsua aipatu du asteon Bild egunkariak bere editorialean, eta Made in Germany-ren atzean zer dagoen azaldu: «harrotasuna». Horregatik eskatu die egunkariak VWi eta Merkelen gobernuari —alemaniarren gehien-gehiengoaren nahia adieraziz—, auzia «lehenbailehen eta eraginkortasunez» konpontzeko. «Alemaniako konpainien izen ona dago jokoan».

Maila pertsonalean

Alemaniar ugarik maila pertsonalean hartu dute auzia; Volks wagen-ek «herriaren autoa» esan nahi du alemanez. Herri hori minduta dagoela esan dio Financial Times-i Doreen Pick Berlingo Unibertsitate Libreko marketineko irakasleak. «Zintzotasuna, fidagarritasuna eta eraginkortasuna dira Made in Germany-ri lotutako aldagaiak. Hiruretan huts egin du Volkswagenek».

Horixe falta zuen Angela Merkelen gobernuak. Autogintzak Alemaniaren esportazioen %20 dakar, eta enplegu kopuru izugarria sortzen du; zuzenean edo zeharka, sei enplegutik bat autogintzak ematen du Alemanian. Volkswagenen kalteak, bere kabuz, kontuan hartzeko zuloa egin diezaioke Alemaniaren ekonomiari. 6.500 milioi euroren hornidurak egin ditu Wolfsburgok bere mozkinetatik kenduta, baina auto trukatuetan egin beharreko konponketak finantzatzeko. Isunak eta auzi eskeak mehatxu handiagoak dira,eta inork ez daki fronte horrek zer-nolako higadura eragingo dion konpainiari.

AEBetatik etor daitekeen 16.000 milioi arteko ahalezko isuna itzal izugarria da konpainiaren geroarentzat. Nekez egongo da hain zigor ekonomiko handia, horrelako auziak adostu egiten direlako normalean administrazioarekin. Mundu osoan izango dituen auzi eske kolektiboek, ordea, egoera asko zaildu dezakete, eta salmenten beherakada eragin. Zenbateraino? Volkswagen kolokan jartzeraino? Too Big to fail da konpainia, gehienen aburuz, handiegia erortzeko.

II. Mundu Gerraren errautsetatik sortutako industria alemaniarraren miraria ordezkatzen du Volkswagenek bere gorentasunarekin ingurumenaren atalean. Auto garbiak eskaintzen ditu, puntako teknologiarekin. Bere arimari egin dio traizioa, beraz, marka bereizten duen horri, eta ez da akats tekniko bat izan, borondate txarrez —engainatzeko—hartutako erabakia baizik. Hori da iltzaturik geratuko dena Alemanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.