Ez zaie erraza izan ados jartzea 11 herrialdeei. Saudi Arabia ekoizle nagusia egunero 2,5 milioi upel ekoiztearen aldekoa zen; aldiz, Iranek eta Venezuelak nahiago zuten ekoizpena 1,5 milioi upeletan igotzea. Azkenean itundu dute bi milioi upel gehiago ekoiztea eta abuztuan egunero beste 500.000 upel merkaturatuko dituztela promes egin dute.
LPEEk lasaitasun mezua helarazi nahi izan du. Urte hasieratik petrolio upela %25 garestitu da eta. «Akordioa ona da. Uztailean berriz biltzen garenean politika horrek merkatuan izan duen eragina aztertzeko gai izango gara», zioen Abdula al-Attia Qatarreko Petrolio ministroak.
Bileratik ateratzean Ali al Naimi Saudi Arabiako Petrolio ministroak adierazi zuen produkzio igoerak ez duela konpondu behar arazoa nahitaez: «Hala ere, eskasia dagoen irudipena irauli beharra dugu. Horretarako ari gara lanean».
Petrolio upelaren prezioa hasieran gorantz
Prezioak hasieran ez ziren lasaitu. Bileraren atarian beheranzko joera izan zuten, baina neurria jakin ostean igo egin ziren. Londresen Brent upela 38,05 dolarretaraino ailegatu zen, baina arratsaldeak aurrera egin ahala36,04 dolarretara jaitsi zen. New Yorken West Texas Intermediate upela 40,45 dolarretan salerosi zen eguerdian.
Refco etxeko Nauman Barakatek iritzi dio LPEEren neurriak ez duela ekarriko lasaitasuna merkatuetara: «Tontakeria izan da, zezenaren aurrean zapi gorri bat astintzea bezala».Ez dirudi, ordea, LPEEk egun ahalmen handirik duenik merkatua asetzeko. Gaur egun, Saudi Arabia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak salbu, LPEEko gainerako kideen produkzio ahalmena ia %100ean dago. Gainera Saudi Arabiak baino ez du produkzioa nabarmen igotzeko ahalbidea. Shelley Mansfield Naziorteko Inbertsiogileen Zerbitzuko zuzendariaren arabera, «LPEEko iturri gehienak irekita daude eta horrek zailago egiten du produkzioa igotzea».
Zergatik igo da petrolioa?
Gaur egun upelaren prezioa alde askotatik presio handia izaten ari da. Batetik, Txinak eta AEBek bultzatuta, munduak azken 16 urteetako eskari hazkuntzarik handiena izan du. Bigarrenik, Estatu Batuetako findegiek arazoak dituzte eskari guztiari erantzuteko, eta udan, autoak gehien erabiltzen diren urtaroan, arazoa handituko ote den beldurra zabaldu da.
Hirugarrenik, azken urteetan petrolio konpainiak, eraginkortasunaren bila, biltegi gutxiago erabiltzeko politika eraman dute aurrera. Horrek esan nahi du horniketa arazoei aurre egiteko babes-koltxoia gero eta estuagoa dela. Pascal Lamy Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa atsekabetuta agertu zen atzo, prezioen igoera handiak direla-eta EBk erreserba estrategikoak eduki beharko lituzkeela uste duelako, nahiz eta estatukideak aurka izan.
Eskaria handitzen eta erreserbak estutzen doazen neurrian, ekoizleek gero eta tarte txikiagoa dute erantzuteko. Maiatzean Saudi Arabian izan diren bi erasoek eta Irakeko egoerak merkatuen izua areagotu dute. Hornikuntza arazoen beldur dira eta eremu horretan espekulatzaileek prezioak hauspotu dituzte. «Egungo prezioek ez dute zerikusirik petrolio merkatuaren oinarriekin», dio Ali Al Naimik.
-
DIRU POLITIKA
EBZk ez du baztertzen aukera bat bera ere
Europako Banku Zentralaren helburu nagusia diru politikaren bidez prezioen igoera kontrolatzea da. Petrolio upelaren igoera islatu da apirilean euroguneko inflazioan. Horregatik, Jean Claude Trichet EBZko presidenteak iritzi dio prezio altuok ekonomiarentzat arrisku direla eta EBZk gertutik zainduko duela petrolioaren bilakaera merkatuetan. Atzo bildu zen banku zentraleko gobernu kontseilua eta interes tasak %2an uztea deliberatu zuen. Munduak «garai zailak eta ziurgabetasun handikoak» dituela adierazi zuen Trichetek bilera osteko prentsaurrekoan. Bere hitzetan, EBZk etorkizuneko jokaleku ekonomikoak aurreikusterakoan ezin du aukera bat bera ere baztertu. Jokaleku horietako bat prezioen igoera erraldoi bat litzateke.