Nekazaritza atzera egiten ari da; ustiapen zentrotan eta baita lantzen den lur eremuan ere (barazki eta arbol baratzeak eta ganadurako larreak). Hiru urtean, 2013tik 2016ra, %1,7 ustiapen gutxiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 15.564 hain zuzen. 2013an 15.835 zeuden eta, beraz, 271 ustiapen galdu dira, Eustaten arabera. Ustiapen horiek lantzen duten lur eremua ere urritu egin da, %5,8 hain zuzen, eta nekazaritzarako eremu osoa ere bai, %4 inguru. Horiek horrela, nekarazaritza eremu erabiliaren ratioa %70,8koa da, 2013an baino %1,8 gutxiago.
Ustiapen bakoitzaren batez besteko lur eremua hamasei hektareakoa zen 2016an, hiru urte lehenago baino %2,4 gutxiago; bakoitzak lantzen duen lur eremua ere jaitsi egin da, batez beste 11,4 hektarea baitzen 2016an, eta 11,8 2013an.
Nekazaritzaren jarduera txikitzen ari da, baina ez da gertatzen hori jarduera gauzatzen duten ustiapenen neurriarekin. Izan ere, ustiapen zentroen batez besteko neurriak gora egin du. Lur landuen galera larreen atalak azaltzen du gehien bat (-%8,3); baratzeenak ere jaitsiera izan du, ordea (-%2,3).
Behiak, zerriak eta olibondoak
Eustaten txostenak beste datu interesgarri batzuk utzi ditu. Esaterako, animalia espezieen arteko eboluzio desberdinak islatzen ditu: Behi eta zerri gehiago daude, baina ardi eta ahuntz gutxiago. Ustiapenek dituzten behien batez besteko kopurua 26,5 zen 2016an, eta 24,2 hiru urte lehenago; ardi gutxiago dago orain, esan bezala, 57,3tik 53,7 burura jaitsi baita batez bestekoa; antzera gertatzen da ahuntzekin: 13,3 burutik 111,7ra jaitsi da; joera hori kontrakoa da zerrien kasuan: 2013an 33,8 buru zeuden ustiapen bakoitzean batez beste, eta 2016an, berriz, 37,7.
Landutako lurrei dagokionez, badira desberdintasunak ere. Barazki eta barbetxo lursailek behera egin dute: 2016an 59.104 ziren, eta hiru urte lehenago 60.485. Fruta arbol gutxiago dago, gainera, 1.501 zuhaiztitik 1.420ra jaitsi baita; mahastiekin ere joera bera dago: 13.653tik 13.338 mahastietara jaitsi da kopurua. Olibondo, gehiago dago, ordea: 167 olibaditik 183ra igo da kopurua.