«Normala» iruditzen zaio Carlos Agirre Ogasun sailburuari Eusko Jaurlaritzak mailegua eskatu behar izatea ordainketak egin ahal izateko. Gasteizko gobernuak zor publikoaren bidez konpondu nahi zuen urte hasierako diru eskasia, baina ezin izan du ezer jaulki, Espainiako Gobernuaren baimena falta zaiolako. Madrilek ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako 2.050 milioi euroko zorratik 147 milioi euro sobran daudela.
Jaurlaritzak 600 milioi euroko mailegua eskatzea onartu zuen atzo. Zubi-mailegua izango da, hau da, gobernuak zorra jaulkitzen duenean kitatu egingo du. Horretarako, ordea, Madrilen baimena beharko du aurretik, eta, haiekin negoziatzen ari diren arren, ez da hilaren 22a baino lehenago etorriko. Egun horretan bilduko da Madrilen Espainiako Zerga Politikako Kontseilua, eta han izango dira Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere. Azkenean, 147 milioi horiek gabe konpontzeko atea zabalik utzi du Agirrek, urteko lehen bi hilabete eta erdian zerga bilketa «uste zena baino hobea» izan denez «tartea badagoelako».
Agirrek azaldu duenez, Jaurlaritzak 658 milioi euro zituen kutxetan 2009 amaitzean, baina urteko lehen hiru hilabeteetan 3.800 milioi euroko ordainketak egin behar izan ditu. Diputazioek, ordea, 1.500 milioi baizik ez dizkiote eman. Diru eskasia «behin-behinekoa» izanik, Jaurlaritza ordainketa guztiak egiteko moduan izango da, sailburuaren arabera.
Maileguaren gaia hedabideetara zabaldu izana deitoratu du Agirrek, eta EAJri egotzi dio errua. Alderdi horretako Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak, Andoni Ortuzarrek, berriz, Jaurlaritza salatu du, kutxetan «euro bakar bat ere» ez zegoela esatean «bankarrota irudia» eman duelakoan. Agirreren kontuak auzitan jarri ditu Ortuzarrek. Haren informazioen arabera, 2009ko azken hiruhilekoan 2.209 milioi izan ziren batez beste altxorrean, eta urtarrilean, 1.320 milioi. «Eta otsailean diputazioek 1.557 milioi pagatu zituzten». Hori dela eta, Ortuzarrek uste du «zerbait larria gertatu dela» kontuekin.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, berriz, uste du Jaurlaritzak «autogobernuari uko egin» diola, Espainiako Gobernuak finkatutako zorpetze muga onartuta. ELAren arabera, sektore publikoak ekonomiari tira egin behar dio orain.
Madrilek 147 milioi euro kendu nahi ditu Jaurlaritzak onartutako zor publikotik
600 milioi euroko mailegua eskatu du Gasteizko gobernuak, zorra jaulki arteko ordainketak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu