Finantza publikoak

Madrilek 35 milioi euroren inbertsio iraunkorrak baimendu dizkio Nafarroari

Nafarroako Gobernuak tokiko azpiegituren planerako erabiliko ditu 25,7 milioi, eta banda zabala hedatzeko 9,8 milioi

Mikel Aranburu, iragan ostegunean, parlamentuko osoko bilkuran. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2018ko azaroaren 28a
07:29
Entzun

Ez 113 milioi, ez eta 75 milioi euro ere. Azkenean, Espainiako Ogasun Ministerioak 2017ko suparabitetatik 35,5 milioi soilik erabiltzeko baimena eman dio Nafarroako Gobernuari. Bart gauean sinatu zen baimen hori, eta gaur goizean bertan, kopuru bereko ezohiko maileguen lege proiektua onartu berri du Iruñeko exekutiboak.

Gobernuaren kontseilu osteko prentsaurrekoan, Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak azpimarratu du bai exekutiboaren bai legebiltzarraren borondatea dela 113 milioi euro horiek aurrera ateratzea. Dena den, "kopuru txikiagoa" baimenduko zuela aurreikusirik, urriaren 4an onartutako 113 milioietatik zeri eman lehentasuna aztertu zuten. Hala, onartu den lege proiektuan banda zabalaren plan zuzentzailean 9,8 milioi eta tokiko azpiegituretara 25,7 milioi zuzenduko dira (tartean, errepideak zolatzea, udaletako eraikinak eraikuntza araudietara egokitzeko, argindar publikoa edo tokiko ur hornidura).

Itzulinguru asko eman ditu auziak. Alde batetik, 2015-2019 eperako ekarpena hitzartu ondotik, iaz 215 milioi euroko superabita izan zuen Nafarroak. Laukoa eta gobernua ahalegindu ziren kopuru horren zati handi bat inbertsio publikorako erabiltzea, baina Cristobal Montoro orduko Ogasun ministroak arrapostu zien guztia zorraren amortizazioa ordaintzeko izan behar zuela.

Bestetik, behin PSOE Espainiako Gobernura iritsi zela, entzungor egin zien foru gobernuaren eskaerei. Izan ere, uztailean onartutako 2018ko aurrekontu orokorrek, xedapen baten bidez, inbertsio iraunkorrak izatea ahalbidetzen zien erkidegoei, baldin eta baldintza batzuk betetzen bazituzten. Hilabeteotan, Nafarroako exekutiboa hamaika bider ahalegindu da baimen hori lortzen, baina Madrilek ez dio erantzun. Presio neurri gisa, urriaren hasieran 113 milioi euro inbertsiorako izateko legea onartu zuen parlamentuak.

Urriaren 31n, Uxue Barkos Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin batzartu zen Madrilen, eta bilera egin aurretik, Moncloako prentsa kabineteak ohar bat igorri zien komunikabideei 75  milioi euroko inbertsioak baimendu zituela esanez. Haatik, bileraren ostean, Barkosek gezurtatu zuen goitik behera hori egia zela.

Aranbururen azalpenak

Gaur, Aranburuk arrazoitu du iazko superabitetik kopuru bat inbertsiora bideratzeko hautatutako bidea aurrekontu orokorren 116. xedapena dela. “Finantza egonkortasunari begira, baldintza zehatz batzuk ditu xedapen horrek bai 2018an bai eta 2019an ere. Horretara egokiu ahal izateko Nafarroako kontuek ez dute uzten 35,5 milioi euro baino gehiagoko zifrarik”, zehaztu du. Hala ere, bere ustez, horrek ez du esan nahi beste bide bat ezin daitekeela hartu, eta “akordio politiko bidez” 113 milioi euroak lortzea izango dute orain helburu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.