Espainiako Ministro Kontseilak aireportuen kudeatzaile Aena burtsara ateratzea onartu du. Enpresa publikoaren %28 jarriko du salgai otsailaren 11n, eta horrela PPren aspaldiko asmoa gauzatuko du, beste urrats bat eginez pribatizazioaren politikan. Sociedad Financiera Alba (March familiarena) eta TCI Erresuma Batuko funtsak izendatu ditu Madrilek erreferentziazko bazkide gisa. Akzioak batez ere erakundeetako inbertsioentzat jarriko dira salgai; haientzat izango da sortaren %90; beste %10a erosle minoristentzat (%9) eta Aenako enplegatuentzat (%1) izango da.
Jon Inarritu Amaiurreko diputatuak adierazi duenez, AENAren pribatizazioa “iruzurra eta espoliazioa baino ez da”. "Ez da onargarria irabaziak dituen enpresa publiko bat, enpresaren %49 bada ere, burtsara ateratzea eta beraz, pribatizatzea”. Inarrituk gogoratu duenez, Euskal Herriko erakundeek aspaldi izan behar zituzten aireportuen eskuduntzak. "Euskal herritarrek euren azpiegiturak kudeatzeko duten eskubidea" defendatu du Madrilen. Era berean, ohartarazi du pribatizazioak Hondarribia, Loiu, Foronda eta Noaingo aireportuetako langileei kalterik egin ez diezaien adi egongo direla Amaiur eta EHBildu.
Aireportuen sarea (46 daude estatuan) "indartu" egingo dela esan du, aitzitik, Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak. "Lehia handiagoa egongo da, eta etorkziunerako zatikatzea saihestuko da".