Espainiako Gobernuak atzera botako du argindarraren prezia ezartzeko berak egindako proposamena, Europa Press berri agentizak iragarri duenez. Jose Manuel Soria Energia eta Turismo ministroak nahi zuen etxera iristen den faktura kalkulatzeko handizkako merkatuan —pool deritzonean— une oro argindarrak duen prezioa hartzea kontuan. Ordukako fakturazioa izango litzateke, eta egun batean 24 prezio ezberdin egoteko aukera egongo litzateke. Proposamen horrek haserrea piztu zuen sektoreko konpainiengan, eta, azkenean, atzera egin du Madrilek.
Iazko abenduaren 20an bertan behera laga zuen Madrilek argindarraren prezioaren ohiko hiruhileko enkantea, eta, urtarriletik, Espainiako Gobernuak ezarritakoa da faktura elektrikoaren prezioa: 48,41 euro megawatt bakoitzeko —61,83 euroko prezioa erabaki zuten baliogabetutako enkantean—. Madrilen neurria «aldi baterakoa» zen. Argindarraren prezio sistema berria apirilaren 1ean zen indarrean sartzekoa, baina ekainaren 1era atzeratzea proposatu zuen gobernuak pasa den astean. Dena dela, ordukako fakturazioari eutsi zion.
Sistema ez dela egonkorra eta teknikoki zaila zela ohartarazi zioten argindar sektoreko konpainia handien ordezkariek ministroari, eta etxebizitza bakoitzean kontagailu digitalak jarri beharrak prozesua urte eta erdiz luza zezakeela azaldu zioten. Kontsumitzailearentzat ere, ez litzateke egonkorra izango ordukako faktura. Gerta daiteke, esaterako, egun haizetsu eta euritsuetan zentral eolikoek eta hidraulikoek dena emanda lan egitea eta haiek sortutako energia aski izatea biharamuneko energia eskaera asetzeko. Gerta daiteke, ordea, hozbero handiko egunetan, adibidez, kontsumo eskaera asko igotzea eta energia sortzeko gastu handiagoak dituzten iturrietara jo behar izatea, gas eta ikatzera kasurako.
Sistema berria
Uztailaren 1era arte, beraz, behin-behineko sistemari eutsiko dio Mariano Rajoyren gobernuak. Udatik aurrera ezarriko den sistema berrian faktura egiteko argia kontsumitu den aldi horretan handizkako merkatuetan izandako prezioen batez bestekoa hartuko da kontutan. Sistema berri hori "arrazionalagoa" dela uste dute sektoreko konpainiek.
Hala ere, Industria Ministerioak ez dio guztiz atea itxi ordukako faktura ereduari. Sistema horren aplikazioarentzako ez du datarik zehaztu, baina gaineratu du "kontagailu digital berriak jartzen diren neurrian" zehaztuko dela, Europa Pressen arabera.