Pentsioak

Madrilek ez du argitu zenbat igoko diren pentsioak 2014an

Pentsioak eguneratzeko sistema berriaren eta iraunkortasun faktorearen lege proiektuak onartu ditu Espainiako Gobernuak.

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 27a
18:44
Entzun

Datorren urtean pentsioak zenbat igoko diren jakin nahi dutenek aste edo hilabete batzuk itxaron beharko dituzte. Espainiako Gobernuko iturriek iradokitakoa —%0,25 soilik igoko direla— baieztatzeari uko egin dio Cristobal Montoro Ogasun ministroak, pentsioak eguneratzeko indizea orain parlamentura doala eta aldaketak izan ditzakeela argudiatuta. Onartutako lege proiektuak dio pentsioak gutxienez %0,25 igoko direla —ekonomia ahul dagoenean eta Gizarte Segurantzak galera handiak dituenean— eta gehienez KPI gehi %0,25 —superabita dagoenean—. Datorren urtean BPGren %1,1ko defizita espero du Madrilek Gizarte Segurantzan, 11.000 milioi euro inguru.

Aurrekontu proiektuaren arabera pentsioetan egingo den gastua %4koa da. Baina horrek ez du esan pentsioak hein horretan igoko direla, azken urteotan gorantz egin baitu nabarmen atal horrek, gero eta pentsiodun gehiago daudelako, eta erretiroa hartzen duten horiek aurrekoek baino pentsio handiagoak dituztelako, beren aurrekoek baino gehiago kotizatu dutelako.

Hirugarren aldia da Luis de Guindos eta Cristobal Montorok aurrekontu proiektuaren berri ematen dutela. Baina aurreko bietan nagusi izan ziren zerga igoeren eta gastu murrizketen iragarpenari, askoz mezu positiboago batek jarraitu die oraingoan. "Krisiaren osteko aurrekontuak dira", esatera ausartu da Soraya Saenz de Santamaria eleduna. Kontu horiek diote Espainiak %5,8ko defizita izango duela 2014an, aurten espero duena baino zazpi hamarren gutxiago. Ahalegin horren zatirik handiena ez dute administrazio zentralaren kontuek egingo, erkidegoenek (%1,3tik %1era jaitsi behar dute defizita) eta Gizarte Segurantzakoek baizik (%1,4tik  %1,1era, pentsioen erreformari esker).  

Baikortasuna zabaldu da enpleguari buruz hitz egiterakoan. De Guindosek ziurtatu du urteko bigarren hiruhilekotik aurrera enplegu garbia sortuko dela, hau da, jende gehiago izango dela lanean. Ondorioz, langabezia tasak ere behera egin beharko luke %27,1tik %26,6ra, eta %25,9ra 2015an. Hego Euskal Herrian %17ren bueltan dago, INEren datuen arabera.

Urte eta erdian bere esku dauden zerga guzti-guztiak igo ondoren, 2014an ez dituela ukituko agindu du Espainiako Gobernuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ordea, bai igoko dira, baina hurrengo asteotan jakingo da zehazki zer eta zenbat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.