Espainiako Gobernua ia-ia bakarrik geratu da erretiro adina atzeratzeko egindako proposamenean. Enpresaburuak baizik ez dira ados azaldu erretiroa 67 urtetan hartzearekin, alderdi politiko guztiek eta sindikatuek kritikak egin dizkiotelako.
Lehen erantzuna ikusita, pentsioen erreformarako proposamenak «ñabardurak» izan ditzakeela onartu zuen atzo Elena Salgado Espainiako Ekonomia mi- nistroak. «Akordio batera iristeko prest gaude», esan zuen telebista publikoan. Salgadoren arabera, gobernuak «erantzukizunez» jokatu du, 2013ra arte itxaron zezakeelako ezer aurkeztu aurretik.
Pentsioei buruzko politika aztertzen duen Toledoko Ituneko batzordera eramango dute proposamena, eta orain arte ikusitakoaren arabera, arbuio handia jasoko du. CCOOko Gizarte Segurantzako arduradun Carlos Bravok esan zuen atzo erretiro adina atzeratzeko eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak zabaltzeko proposamenak «oso erasokorrak» direla.
Madrilgo agintariengandik hurbilekoa izanagatik, UGTk ere begi txarrez ikusi du erretiratzeko adina atzeratzeko proposamena. Haren ordez, erretiratzeko benetako adina (63,5 urte) legezkoarekin parekatzeko neurriak eta 65 urtetik aurrera norbere borondatez lanean jarraitzeko laguntzak handitzea proposatu zituen atzo Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak. Gainera, Mendezek oharra egin zion gobernuari: aldaketak sostengurik gabe aurrera egiten badu, «arazoak» izango dira.
IUk grebaz hitz egin du
Galdetuta ere, Mendezek ez zuen greba hitza aipatu nahi izan, baina bai, ordea, Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak. «Eskandaluzkoa», «neoliberala» eta «langileen eskubideen aurkako torpedoa» iruditu zaio Larari erretiratzeko adin ofiziala 67 urtetan jartzeko proposamena. Haren ustez, badira greba orokorrera deitzeko arrazoiak, baina tentuz jokatzeko eskatu zien sindikatuei, grebak ez dezan ekarri PP Espainiako Gobernura iristea. Harengandik «langileen aurkako neurri are gogorragoak» espero ditu IUk.
PPk ere ez du bat egin erretiratzeko adina atzeratzeko proposamenekin, haren inguruko hedabide batzuek begi onez ikusten duten arren.
Gurean, bi iritzi kontrajarri azaldu ziren atzo. Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteari «agian arrazoizko neurria» iruditu zaio erretiroa atzeratzea. Alternatibari, berriz, argi geratu zaio «PSOEk eta PPk gero eta antz handiagoa» dutela.
Madrilek ez du sostengurik lortu pentsioen erreforman
Proposamenean «ñabardurak» egiteko prest dagoela onartu du Espainiako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu