ERREFORMA FISKALA

Madrilek soilik hiru salbuespen laga nahi ditu BEZ murriztuan

Egun %10eko BEZa duten ondasun eta zerbitzu gehienak igo nahi ditu %21era, etxebizitza, ostalaritza eta garraio publikoa izan ezik.

Jon Fernandez.
2014ko martxoaren 14a
12:47
Entzun

"Ez gara ari BEZaren mailaketa aldatzeko eskatzen, berriz ordenatzeko baizik", esan du Manuel Lagares Espainiako Gobernuak sortutako adituen batzordeko presidenteak erreforma fiskalaren aurkezpenean. Baina txostenak besterik dio. Azken batean, gaur egun BEZ murriztuan (%10) dauden ondasun eta zerbitzu guztiak BEZ arruntera igotzea gomendatu du, etxebizitza, ostalaritza eta garraio publikoa izan ezik. 

Igoera horretan egongo lirateke, ura, haragia, arraina, museoak eta osasun produktuak, besteak beste. Hori bai, BEZ murriztua, %4koa, "ukitu ezina" dela uste du batzordeak (oinarrizko elikagaiak, prentsa eta liburuak, besteak beste).

"Noiz hasi erreforma horrekin?", mahai gainean jarri du galdera Lagaresek, eta berak erantzun dio bere buruari: 2015eko urtarrilaren 1ean. “Une garrantzitsu batean gaude, Espainiako ekonomiari bultzadatxo bat ematen badugu hazkundea gogor hauspotuko dugu”.

Debaluazio fiskala

BEZaren mailaketan igoera horiek justifikatzeko, batzordearen helburua debaluazio fiskala dela argudiatu du. Hitz gutxitan, presio fiskala zuzeneko zergen gainetik kendu (errenta zerga eta sozietateen zerga txikitu) eta zeharkako zergak igotzea (BEZa eta ingurugiroari lotutako zergak). NDFk, Bruselak eta OCDEk Espainiari behin eta berriz eskatu dizkioten neurriak alegia.

"Erreforma fiskal sakona" dela aitortu du batzordeko buruak. 460 orriko txostenean, 125 erreforma proposamen bildu ditu, eta guztira, 270 aldaketa egin dizkio egungo sistema fiskalari. Honakoak dira batzordearen arabera, BEZaren erreformaren helburuak: "kontsolidazio fiskala sendotzea, diru sarrera publikoak handitzea zerga neutral eta eraginkorrago batekin eta kenkariak edo BEZ murriztua duten ondasun eta zerbitzu kopurua modu nabarmenean txikitzea". 

Oro har, erreforma fiskalaren helburuak, berriz, honakoak direla azaldu du: "Kontsolidazio fiskala sendotu, ekonomiaren hazkundea sustatu, zerga sistema justuagoa egin, eta familiei eta enpresei aurrezten laguntzea euren zorrak ordaintzeko". 

Ondorio ekonomikoak

Batzordeak azaldu du dagoeneko aztertu dituela erreforma fiskalak ekarriko lituzkeen ondorio ekonomikoak. "Zuzeneko zergen bilketa txikituko litzateke, baina horrek kontsumoa handitu dezake, eta horrek produkzioa, eta horrek enplegua, eta azken finean, zerga bilketa igoko litzateke". Datu zehatzagoak ere eman ditu Lagaresek: erreforma indarrean sartuz gero, Espainiako BPGa automatikoki %0,5 haziko litzatekeela iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.