Maggoteauxeko langile bat larri zauritu da Urdiainen, makina bat gainera erorita

Langileak konortea galdu eta zauri larria egin zuen bularraldean herenegun, baina haren bizia ez dago arriskuan

Erredakzioa
Iruñea
2010eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
M.I.A.U. 40 urteko langileari makina bat gainera erori zitzaion herenegun gauean Magotteaux enpresak Urdiainen (Nafarroa) duen lantegian. Kolpe gogorra jaso zuen bularraldean, eta zauri larria du, baina haren bizia ez dago arriskuan.

Istripua herenegun gertatu zen, 21:38an. Kolpearen ondorioz, hasieran langileak konortea galdu zuen. Anbulantzia batean eraman zuten Nafarroako ospitalera. Hango iturrien arabera, hobera egiten ari da.

Astelehenean Imanol Lopez Alvarez 40 urteko langilea hil zen Gasteizen, ostiralean lan istripua izan eta koman hiru egun egin ostean. Gasteizko Industrial Alavesa de Tratamientos Termicos enpresan izan zuen istripua. Lankide batekaurkitu zuen, galdategitik ateratzen diren piezak hozteko putzu batean.

Lankideek egun osoko lanuztea eta kontzentrazioa egin zituzten atzo. ELAk eta LABek bat egin zuten deialdiarekin. Gaur, berriz, Barakaldon egingo dute kontzentrazioa -Lopez Alvarez hangoa zen-, 20:00etan, Bide Onera plazan, lan istripuak eta prekarietatea salatzeko. LABek bat egin du deialdiarekin.

Hiru, garraiolarien alde

Gai korrosiboak zeramatzan kamioi batek istripua izan zuen herenegun N-1 errepidean, Burgu parean (Araba). Gidaria onik atera zen, baina istripuaren ondorioz errepidea zortzi orduz itxi zuten, gai korrosiboa kontrolatu arte.

Zenbait komunikabidek esan edo iradoki dute gai arriskutsuen garraioa ez dela behar bezala kontrolatzen. Hori entzunda, kontrolak zorrotzak direla eta garraiolariak profesional onak direla nabarmendu du Hiruk, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.