Patxi Lopezen agintaldiaren balantzea (IV). Enplegua eta gizarte laguntzak

Mahai hankamotza

Gizarte elkarrizketa gogotsu abiatu zuen Jaurlaritzak, baina, legealdiak aurrera egin ahala, geroz eta emaitza gutxiago izan dituUgariak izan dira sindikatu abertzaleen eta gobernuaren arteko tirabirak

Ivan Santamaria.
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gizarte elkarrizketa legealdiko zutabeetako bat izango zela agindu zuen Patxi Lopezek lehendakari izendatu zuten egunean. Ordura arteko eredua aldatu, eta mahai berean patronala eta sindikatuak biltzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritza berriak. Mahai hori hankamotz sortu zen, ordea, gehiengo sindikal abertzaleak bizkarra eman ziolako hasieratik. Gizarte elkarrizketaren bidea gogotsu abiatu zuen gobernuak, baina akordioak eta emaitzak geroz eta eskasagoak izan dira, krisi ekonomikoaren gordintasunak lurperatuta.

«Enpresaburuak eta sindikatuak berehala deituko ditut gizarte elkarrizketaren mahaira, akordio ekonomiko eta sozial handi bat lortzeko», esan zuen Patxi Lopezek inbestidura saioan. Akordio handi hori ez zen sekula lortuko, baina negoziazio esparruaren diseinuak iragarritakoari jarraituko zion. Mahaia egituratzeko ardura Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak hartu zuen.

Confebask patronala eta EAEko lau sindikatu nagusiak mahai berean biltzeko ideia ez zetorren bat sindikatu abertzaleen jarrerarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar langiletik sei ordezkatzen dituzte ELAk eta LABek. Mahai orokor baten atzean gehiengo hori desitxuratzeko asmoa zegoela kritikatu zuten bi sindikatuek.

Esparruaren antolakuntza eta helburuak salatu zituzten, halaber. «Sindikatuak erakarri eta autonomia gal dezaten prestatuta dago gizarte elkarrizketa», Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan. Espainian egiten den negoziazioaren eredua kopiatzeko asmoa zegoela ondorioztatu zuten ELAk eta LABek. Bi sindikatuen ustez, eredu horrek ez du lortu inolako konkistarik langileentzat, eta, aldiz, patronalari mesede egiten dioten erabakien estalki izateko baliatu dute hainbat alderditako gobernuek.

Lehendakaria eragile bakoitzarekin bildu zen, banan-banan, patronalarekin hasita. ELA eta LABen ezezkoa jaso zuen batzar horietan. Sindikatu abertzaleen parte hartzerik gabe aurrera egiteko erabakia defendatu zuen Gemma Zabaleta sailburuak, BERRIAn egindako elkarrizketan. «Kanpoan geratzen direnek gutxiengoa gehiengo formal bihurtuko dute, dagokien tokia ez dutelako betetzen». Lan Sailaren proposamenarekin bat egin zuten lehen momentutik CCOOk eta UGTk.

Gehiengo sindikalaren eta sozialisten arteko lehen tirabira ideologikoak gizendu zituen greba orokorrak. Lanuztea aldez aurretik erabakita zegoen arren, Lopezek kargua hartu eta bi astera egin zen. Sustatzaileek nabarmendu zuten ez zela lehendakari berriaren aurka propio egindako deialdia, baina grebari zilegitasuna kentzeko estrategian buru-belarri sartu zen Lehendakaritza, ezker abertzaleari horren erantzukizun osoa egotzita. «Abertzale erradikalek baliatu dute greba orokorra, ez zeukaten presentzia publikoa eta politikoa lortzeko», esan zuen Lopezek orduan.

Gobernuaren eta sindikatu abertzaleen arteko ezinikusia arau izan da legealdi osoan; akaso, salbuespen bakar bat izan zen. 2009ko azaroan, funtzionarioen lan baldintzak adostu zituzten ELAk eta CCOOk gobernuarekin. Hitzarmenaren bidez, besteak beste, ia 5.000 lanpostu egonkor bihurtzea eta beste 12.000 eskaintza publikoan ateratzea espero zuten, eta administrazioan bi urtez soldatak igotzea. «Mamirik gabe, ez dago sinadurarik. Hitzarmen ona da, eduki esanguratsuak ditu», argudiatu zuen ELAk. LABek ez zuen sinatu. Sintonia azkar desagertuko zen, ordea, 2010. urteko maiatzean Madrilek erabakitakoari jarraituz Jaurlaritzak funtzionarioei soldata jaistea erabaki zuelako. Hori zela eta, akordioa apurtutzat jo zuen ELAk.

KESen eta LHKren erreformak

Tirabira nagusietako bat erakunde soziolaboralen antolakuntza izan da. ELAk aspaldi utzia zion Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean (KES) eta Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) parte hartzeari. LABek azken horretan zuen ordezkaritzari eutsi zion. Hutsik zeuden, baina legez sindikatu abertzaleei zegozkien eserleku horiek beste sindikatuen artean banatzea erabaki zuen orduan gobernuak. CCOOk eta UGTk beretzat hartu zituzten, eta gertaera horrek haserre bizia sortu zuen ELAn eta LABen. Aurrerago, Osalaneko kontseilutik alde egitea erabaki zuten sindikatu abertzaleek, laneko segurtasuna kudeatzen duen erakunde publikoaren diru aurrekontuei ezarritako murrizketaren ondorioz.

Gobernuaren benetako asmoa KESen eta LHKren erreforma zen. Orain arte, txosten bat aurrera ateratzeko, talde bakoitzaren gehiengoak babestea behar zuen. Alegia, patronalak eta sindikatu gehienek ontzat jo behar zuten edukia. Desadostasun handiak zeudela eta ia txostenik onartzen ez zela argudiatuta, joko arauak aldatzea erabaki zuen Lan Sailak, PPren babesarekin.

Funtsean, akordioak gehiengo sinple bidez onartzea ahalbidetu zuen aldaketak. Praktikan, patronalaren esku utzi du gobernuak beto eskubide osoa. Izan ere, enpresaburuei dagokien ordezkaritza osoa du Confebaskek, eta haren babesik gabe ezin da akordiorik hartu. Haatik, orain aski da sindikatu bakar batek txostenaren alde egitea edozer onartzeko, nahiz eta langileen artean gehiengorik ez izan. Azken finean, sindikatu abertzaleek euskal langileen artean duten nagusitasun argia desitxuratzeko beste ekintza bat izan da.

Lehen akordioak, ziztu bizian

2009ko uztailaren 2an bildu zen lehen aldiz gizarte elkarrizketaren mahaia. Haren garrantzia azpimarratzeko asmoz, Lopez lehendakaria izan zen mahaiburua. Miguel Lazpiur (Confebask), Unai Sordo (CCOO), Damaso Casado (UGT) eta Gemma Zabaleta Lan sailburua zeuden bilera horretan. Mahaiaren lehen akordioak uztaila amaitu baino lehen iragarri zituzten. Hain zuzen ere, erregulazioan zeuden langileak prestakuntza ikastaroetara eramateko programaren luzapena izan zen, Joseba Azkarragaren garaitik indarrean zegoen egitasmoa. Funts handiko akordioa ez bazen ere, PSE-EEk hasieratik bilatu zuen irudia islatzen zuen: krisi garaian gizarte eragileak eta gobernua akordioak lortzeko gai zirela agerian uztea.

Mahaiaren erabilera politikoa ondoren ere gertatu zen. 2009. urteko irailean, krisiari aurre egiteko, + Euskadi 09 plana aurkeztu zuen lehendakariak. Neurrien artetik, aldi baterako 7.000 langile kontratatzeko laguntza izan zen adierazgarriena. Oraindik ere laguntzaren azken xehetasunak negoziatzen ari ziren elkarrizketa mahaian, baina bere aurkezpenerako erabiltzea erabaki zuen Lopezek. Azkenean, hiru aste geroago aurkeztu zuten gizarte eragileek kontrataziorako laguntza.

Agintaldiko bigarren urtean, enplegu politika aktiboen kudeaketak eta Lanbide berriaren diseinua izan ziren mahaiaren egiteko nagusiak. Eskuduntzak izan zituen gorabehera politikoetatik aparte, berriro ere gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek Lanbideko agintaritza organoen banaketa eta erabakiak hartzeko sistema adostu zuten. 2010eko azaroan aurkeztu zuten akordioa, eta enplegu zerbitzu publiko eraberritua «gizarte elkarrizketaren fruitu» zela aldarrikatu zuten.

Lanbide alde batera utzita, krisiari aurre egiteko ekintzetan agortuta geratu zen mahaia. Ez, ordea, polemikan. Finantzabide ohikoetatik aparte, elkarrizketan parte hartzen zuten erakundeei 750.000 euro ematea pentsatu zuen Lan Sailak, 2010. urteko aurrekontu proiektuan. Euren susmoak bete, eta gizarte elkarrizketaren bidetik Confebask, CCOO eta UGTren isilpeko finantzaketa egitea egotzi zioten ELAk eta LABek gobernuari. Mahaian ez zeudenez, laguntza horietatik at geratu ziren bi sindikatu abertzaleak. Zabaletak ordaina defendatu zuen Eusko Legebiltzarrean. «Gobernuaren apustu estrategikoa da elkarrizketa, eta ez gara horretaz lotsatuko».

Gogo biziz abiatu zen mahaia, baina ia oharkabean igaro ditu azken bi urteak. Tarte horretan langabezia tasa ia lau puntu handitu da EAEn, eta 36.000 langabe gehiago daude, INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera. Eusko Jaurlaritzaren eta mahaian dauden gizarte eragileen erantzuna joan den otsailaren 22an aurkeztutako enplegu plan berezia izan zen. Plan horretan enplegua sustatzeko 321 milioi emango zirela jakinarazi zuen gobernuak. Helburua 4.200 langabe kontratatzea zen. Akordioak Jaurlaritzaren eta Confebasken «aurpegia garbitzeko» baino ez zuela balio kritikatu zuten sindikatu abertzaleek. Lopezen gobernuak diseinatu zuen negoziazio hankamotzaren azken fruitua izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.