Elkarrizketa soziala

Mahaira deitzea "larria da" ELA eta LABen ustez, Confebasken agiria ezagutu eta gero

Sindikatu abertzaleek diote Lujuak "funtsean" berretsi egin duela ELA eta LAB "ilegalizatzea aukera izan dadila"  eskatzen duen agiria, eta Jaurlaritzak ez duela atzera egin nahi elkarrizketa sozialerako bere planean.

xabier martin
2014ko abenduaren 2a
07:58
Entzun

ELA eta LAB sindikatuentzat Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak berresi egin zuen atzo Radio Euskadin patronalak sindikatu abertzaleak legez kanpo utziko lituzkeeen prozedura bat aztertu duela. Esaldi hauek bota zituen Lujuak atzo, Radio Euskadin: "Sindikatu batek (…) Estatutu batzuk izan behar ditu, eta Estatutuetan bere xedeak zehaztu behar dira; argi diogu sindikatu batek uneren batean (…) bere xedeen %100 betetzen ez badu, Erregistroko funtzionarioak ez dezala ahalmena izan erabakitzeko erakunde sindikal hori kreditaziorik gabe geratzen dela; izatekotan, epaile bat izan beharko litzateke".

Hitz horiek "funtsean" bat datoz LABek orain egun batzuk ezagutzera eman zuen Confebasken ustezko agiriarekin. ELAk asmo hori "kolpista" dela salatu zuen, agiri horri sinesgarritasuna emanda. Patronalak ukatu egin du bere asmoa sindikatu abertzaleak ilegalizatzea eskatzea denik, baina ELAk eta LABek diote, Lujuaren hitz horien atzean asmo hori azaltzen dela. Eta giro nahasi horretan elkarrizketa sozialerako mahaira deitu du etzirako Juan Mari Aburto Enplegu sailburuak, deialdi "larria" sindikatu abertzaleen iritzirako, patronalaren ustezko agiri horrek islatzen duena jakinda.

"Mahaiarekin aurrera egiteko erabakia hartuta dago. Lujuak dio Jaurlaritzarekin hitz egin duela horretarako", salatu dute ELAk eta LABek. Ez batak eta ez besteak ez dute parte hartuko legegintzaldi honetan estreinakoz deitu den mahaiean, "ez daudelako horretarako baldintza minimoak". Iñigo Urkulluren gobernuak "ez du nahi ezerk marraztutako plana aldatzerik", diote. Bileran izango diren hiru aldeei "komeni" zaie: "Jaurlaritzak doikuntza politikak aplikatzen jarraituko du, eta horri elkarrizketa soziala deituko diote zenbaitek; Confebaskek, berriz, aintzatespen eta legitimitate politikoa lortuko du gobernuaren aldetik, eta hain beharrezkoa duen soziala, gutxiengo sindikalaren  aldetik; azkenik, CCOO eta UGTrentzat ere onuragarria da, honelako mahaiak beti izan baitira finantzazio publiko iturri".

Agiriaren itzal luzea

Confebasken ustezko eskariak, "hau da, epaile bat izan dadin ELA eta LAB legez kanpo jar ditzakeena", ez du Lakuaren plana aldarazi. Aburto sailburuak esan zuen du arazo "zinez larria" zela eta Mahaiaren lehen bilerara eramango zuela. "Ezin da onartu", diote ELAk eta LABek, "jarrera erreakzionarioek Jaurlaritzaren aldetik inolako gaitzespen praktikorik ez izatea". Sindikatuon ustez, "agerian geratu da Jaurlaritza hau Confebasken menpean dagoela".

Osteguneko bileraren ostean zer gertatuko den ere  aurreratu dute sindikatu abertzaleek. "Patronalak, CCOOek eta UGTk adierazpen bat egingo dute Confebask zuritzeko; justifikatu ezin dena justifikatzeko adierazpena". Kosta ahala kosta "esparru hori eratzea" ei dute helburu, "patronal antidemokratikorik ez balitz bezala".

Confebaskena izan daitekeen agiria ezagutu aurretik ere Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak, "ez zuen zentzurik" ELA eta LABen ustez, "ez formari dagokionez, joko demokratikoaren arau minimoak aintzat hartzen ez dituelako, ezta eduki aldetik ere, pairatzen ditugun politika antisozialek elkarrizketa soziala eragotzi egiten dutelako". Haatik, Confebasken ustezko barne dokumentua ezagututa, Jaurlaritzak bilerari eratzeko asmoari eustea "patronalari, demokratikoa ez beste guztia den horri, ageriko babesa ematea dela" iritzi diote. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.