Krisi garaian langabeziaren edozein jaitsierak laguntzen dio presioa arintzeari. Maiatzean behera egin zuen Hego Euskal Herriko enplegu bulego publikoetan izena emanda daudenen kopuruak. Datu onak interpretazio ilunagoa ere badu, langabeziaren jaitsiera oso arina izan delako: 2.344 lagun gutxiago. Esaterako, iazko jaitsieraren erdia baino pixka bat gutxiago da.
Sasoiaren arabera, enpleguak berezko ezaugarriak izan ditu, krisia egon edo ez. Hilabete jakin batzuetan okupazioak gora edo behera egin ohi du. Hala, maiatza oso hilabete egokia da lana sortzeko, udara begirako kontratazioak bultzatuta. Tradizioa ere bete da aurten, baina azken zortzi urteetako langabezia jaitsierarik eskasena izan da. Antzeko zenbateko bakarra 2008. urtekoa izan zen.
Bi hilabetez jarraian gutxitu dira langabeak. Urtea hasi zenetik izandako enplegu galera zuzentzetik urrun dago, edonola ere. Urtarrila eta martxoa bitartean 21.000 langabek baino gehiagok eman zuten izena enplegu zerbitzuetan, eta apirila eta maiatza bat eginda 3.000 baino ez dira izan. Azken urteetan antzeko joera izan du enpleguak urtearen joanean. Maiatzetik uztailera jaitsi da, eta ondoren gora egin du. Urteko azken hilabeteak eta lehenak izan dituzte langabezia igoerarik handienak, gainera.
Maiatza igarota, 210.457 langabe daude Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzuetan izena emanda, populazio aktiboaren ia %16. Orain dela hamabi hilabete baino 19.000 gehiago dira. Azken urteetan langabe kopurua ez da berdin handitu herrialde guztietan. Nafarroan langabezia %15 handitu da eta Araban %12. Horren azpitik daude oraingoz Bizkaia (%8,7), eta, batez ere, Gipuzkoa. Azken urtean herrialdeak 2.500 langabe gehitu dira, %6 baino gutxiago.
Sektore eta herrialde guztiak
Maiatzeko murrizketa, behintzat, orokorra izan da, hots, langabeziak herrialde eta sektore guztietan egin du atzera, ehunekoak oso adierazgarriak izan ez badira ere. Jaitsiera eta guzti, Bizkaiko eta Nafarroako langabezia tasa %16tik gorakoa da, eta %15etik gorakoa Arabakoa. Gipuzkoan %13 da. Hegoaldeko txikiena da, baina, hala ere, Europako Batasunak duen batez bestekoaren gainetik pare bat puntu.
Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Enplegu sailburuordeak, Javier Ruizek, EAEn langabeziaren jaitsieraren erdia 25 urte azpiko gazteen artean izan dela nabarmendu zuen. Edonola ere, emaitzak tentuz hartzeko eskatu zuen, antzeko sasoian jaitsiera handiagoak gertatu izan direlako. «Datu paur bat on hauekin ezin dugu ahaztu oraindik ere krisi larrian gaudela», Ruizen esanetan.
Espainiako azken bi gobernuek lan erreformak egin dituzte, baina kontratazioaren eskema ez da batere aldatu. Maiatzean kontratuen %6 baino ez ziren mugagabeak izan, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako eta diruz lagundutako kontratu berria izan den arren PPren argudio nagusietako bat.
Langabeziaren jaitsiera afiliazioan igarri da, gutxienez: batez beste, 3.561 lagun gehiagok kotizatu zuten Gizarte Segurantzan joan den hilabetean.
Maiatzeko langabeziaren jaitsiera azken zortzi urteetako txikiena izan da
Apirilean baino 2.344 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hegoaldeko enplegu zerbitzuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu