MAILEGUAK. Euriborra pixka bat igo da urtarrilean, %2,312raino

EBZk interes tasak handitu arte, gorabeherak espero dituzte adituek

Erredakzioa
2005eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren mailegua berrikustea orain egin behar dutenekiaz baino diru pixka bat gehiago ordaindu beharko dute aurten. Urtebeterako euriborrak gora egin zuen urtarrilean, eta %2,312raino iritsi zen.

Iazko urtarrilarekin alderatuta, euriborra 0,096 puntu igo da. Horrek esan nahi du 120.000 euroko mailegua 20 urtean itzuli behar dutenek hilabetean 5,54 euro gehiago ordaindu beharko dituztela. Euriborra da hipoteka maileguetan gehien erabiltzen den indizea, urtean behin igo ohi da, eta Europako Banku Zentralak finkatzen duen interes tasa ofizialarekin nolabaiteko lotura du. Joan den martxoan beheko maila jo zuen, %2,055era iritsi zenean. Orduz gero gora egin du apur bat, EBZk interes tasak igoko zituela espero baitzen orduan. Ez da halakorik gertatu, euroguneko ekonomia ez baita adituek espero zuten bezain beste igo. Hazkundea bizkortu arte Alemanian batez ere, EBZk bere horretan utziko du diruaren prezioa. Finantza adituek aurreikusi dute 2005. urtearen erdialdera arte gutxienez EBZk ez dituela interes tasak igoko, eta asko dira urte amaiera arte egingo ez duela iragarri dutenak. Gainera, igotzekotan, puntu laurden igoko da, %2,25era alegia. Petrolioak garesti jarraitzen badu, interes tasak %2an geratzeko aukerak handiagoak dira, erregaiaren prezioak asko moteltzen baitu ekonomia.Horiek hala, litekeena da Euriborrek ere gorabeherekin jarraitzea hurrengo hilabeteotan. Hori bai, urtearen lehen erdian behintzat, iaz baino 0,1-0,2 puntu gorago izango denez, etxebizitza mailegua itzuli behar dutenek pixka bat gehiago ordaindu beharko dute hilean.

-

Euriborra



Urtarrila (2005) 2,312

Abendua (2004) 2,301

Azaroa 2,328

Urria 2,316

Iraila 2,377

Abuztua 2,302

Uztaila 2,361

Ekaina 2,404

Maiatza 2,297

Apirila 2,163

Martxoa 2,055

Otsaila 2,163

Urtarrila 2,216

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.