MAKROEKONOMIA . Alemania atzeralditik atera da urteko hirugarren hiruhilekoan

Europako Banku Zentralak ere uste du ekonomia bide onetik doala

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hiru hiruhileko jarraian atzera egin ondoren, Alemaniako Barne Produktu Gordina (BPG) hazi egin zen uztailetik irailera bitartean. Hazkuntza txikia izanagatik BPGren %0,2 baizik ez, Alemaniako ekonomiak «okerrena gainditu» duela ziurtatu du Berlingo gobernuak.

Alemaniako Ekonomia Ministerioak ziurtatu du urteko azken hiruhilekoan are emaitza hobea espero duela, erakusle guztiek hobera egin dute eta. Ohikoa den moduan, esportazioek e-man diote bultzada Alemaniako ekonomiari, eta horien hazkuntza lotuta dago AEBetako ekonomiaren susperraldiarekin. Inportazioek behera egin dute.Udako emaitza pozgarritzat jo du Wolfgang Clement Ekonomia ministroak, baina gogoratu du kontsumo pribatua oraindik pattal dabilela eta hura gabe ez dela hazkuntza handirik izango. Hori dela eta, kontsumoa handitzeko asmoz Gobernuak proposatutako zergen jaitsierak aurrera egitea eskatu zuen. Erreforma gerarazi du Bundesratek Senatuak, oposizio kristau demokratak gehiengoa baitu ganbera horretan. Europako Batasuneko ekonomia hoberantz doan seinale da Herbehereek ere hazkuntza positiboa izan zutela%0,1 hirugarren hilekoan. Aurreko bederatzi hilabeteotan atzera egin zuen Herbehereetako BPGk.

EBZ, baikor baina zuhur

Datu on horiek ikusita, Europako Banku Zentralak (EBZ) ziurtatu egin zuen atzo Eurogunearen ekonomiak atzeraldiari buelta eman diola. Nolanahi ere, EBZk onartu du 2004. urtera arte itxaron beharko dela hazkuntza sendotzen ote den ikusteko. Gauzak horrela, %2ko interes tasa ofizialak «egokiak» direla nabarmendu du. Adituek aipatu dutenez, litekeena da datorren urtearen bigarren erdira arte EBZk interes tasak ez ukitzea. Orduan, orain Erresuma Batuko eta Australiako banku zentralek egindakoaren ildotik, igo egingo lituzke, inflazioa kontrolatzeko gisan.

Uneotan %2,1eko inflazioa du euroaren eremuak eta EBZk espero du hurrengo hilabeteotan ere antzeratsu ibiltzea. Elikagaien eta petrolioaren prezioek, eta herrialde batzuetan zeharkako zergen igoerak eragozten dute inflazioaren jaitsiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.