Fagor Etxetresnen auziaren barruan Frantziako markak saltzeko Cevital Aljeriako taldeak egindako eskaintzaren inguruan informazioa egunetik egunera aldatzen ari da, orduka kasik. Denak Pedro Malagon Atotxako epaitegiko titularraren erabakiaren zain zeuden, bai Frantzian, hango Orleans eta Vendomeko lantegiak saldu ahal izateko (1.200 lanposturi eusteko helburuz), bai Euskal Herrian, Afrikako taldeak bere hitza bete eta Garagarza (Arrasate) eta Eskoriatzako plantak zabaldu ahal izateko (300 lanposturi eutsita). Bada, Malagonek erabaki du. Cevitalen 25 milioi euroko eskaintzari "ez" esan dio. Eskaintza zehatz horri alegia. Epaileak gehiago nahi du. Hamar milioi gehiago jarriko balitu, Issad Rebraben taldeak De Dietrich, Sauter, Vedette, Easycook eta Brandt eskuratuko lituzke Fagor Ireland gordailuarekin. Alegia, Pedro Malagon epailea markak saltzearen aldekoa da, baina diru gehiago nahi du, eskaintza hobea.
BERRIAk aurreratu zuen moduan, aste honetan bertan erantzun du epaileak, eta erantzuna ezezkoa izan arren, argi dago Donostiako epaitegia negoziatzen ari dela, saltzeko prozesu hori ez duela begi txarrez ikusten. Eskaintza hobea behar du, ordea, eta orain Aljeriako taldearen teilatuan dago pilota. Hilaren 27ra arte badago denbora, Nanterrek ordura arte atzeratu baitzuen atzo Cevitalek Frantziako zenbait aktiboren truke egindako 100 milioi euroko eskantzari buruzko erabakia. Aljeriarrek ez badute marken auzia Donostian konpontzen, dena zapuztuko da, bai Frantzian, bai Euskal Herrian, Garagarza eta Eskoriatzan jarritako interesa soilik hitzezkoa izan arren, berme juridikorik gabe.
Pagatzeko moduak zehaztu ditu
Epaileak dio bere ebazpenean, "aurkeztutako eskaintzaren ezaugarri berberak dituen balizko beste eskaintza bat onartu" egingo lukeela, baldin eta eskaintza 25 ez, baina 35 milioi eurokoa balitz. Malagonek Fagor Ireland saldu nahi du, baina salneurri onena lortuz gero; izan ere, 35 milioi horiek pagatzeko modua ere zehaztu du: salmenata egitean 17,5 milioi, eta beste 17,5 milioi euroak, honela: 6 milioi euro 2015eko martxoaren 31n; 6 milioi euro 2016ko martxoaren 31n; eta 5,5 milioi 2017ko martxoaren 31n.
Horrekin batera, Malagonek nahi du Cevitalek "eskaintza firme eta bete beharrekoa" egitea Fagor Etxetresnen aktiboen inguruan erakutsitako interesa dela eta. Alegia, Markak erosteak enplegua sortzera ekarriko duela bermatu nahi du Atotxako epaileak. Edonola ere, Cevitalen esku dago azken erabakia. Benetako interesa badu, epaileak bidea erakutsi dio talde afrikarrari: 'Bai, zuretzat markak, baina enplegua sortuko duzula segurtatzeko dokumentuak sinatu, eta eskaintza hobea egin, hamar milioi euro hobea'.