Pedro Malagon Donostiako Merkataritza arloko epaileak presio izugarria zuen Fagor Irelandek dituen Frantziako markak Cevital taldeari saltzea baimentzeko. Are gehiago Cata kataluniarrak Garagatza (Arrasate) eta Eskoriatzaren truke 16 milioi euroko inbertsioa egiteko prest zegoela epaitegian bertan erregistratu ondoren, herenegun. Bada, zirkulua itxi da. Cevitalen operazioaren lokarria askatu du Atotxako epaileak eta, beraz, Cevitalek 25 milioi euroren truke De Dietrich, Vedette, Sauter, Brandt eta Easycook bereganatuko ditu. Horrek talde aljeriarrak Vendome, Orleans eta Frantziako beste hainbat jabetza bereganatzea ekarriko du, hori guztia Nanterreko epaitegiaren oniritziarekin.
BERRIA-k joan den igandean aurreratutako eragile askoren operazioa bete da. 1.200 lanpostu zeuden jokoan, gehiegi, eta Malagonek aintzat hartu du azkenean Cevitalek (Alas Iberica Espainiako bere filialak) jarritako helegitea epaileak berak orain hilabete itxi zuen operazioak aurrera egin dezan. 35 milioi eskatu zizkion Cevitali Malagon epaileak, eta orain 25 milioi euroko eskaintza onartu du. Ezezkoaren eta baiezkoaren artean, goi mailako negoziazioak izan dira Paris eta Madril artean, betiere Bidasoatik iparraldera sor zitekeen lanpostu andanari erreparatuta, eta Espainiako Cofides sozietate publikoak jaso nahi zuen zazpi milioi euroko zorrari erreparatuta. Interes gurutzatuak zeuden, eta oraindik ere egon daitezke. Catak aste honetan egin duen mugimendua, "bete beharreko eskaintza" epaitegian erregistratuz, oinarrizkoa izan da Malagonek atzera egin, eta marken salmenta onartzeko. Catak nolabait enplegua bermatu du Gipuzkoan, eta hori nahi zuen Malagonek ezeren aurretik.
Hurrengo albistea, Nanterretik
Atzo Fagor Etxetresnen administratzaileek likidazio plana aurkeztu zuten, eta gaurko erabakiarekin Nanterreko auzitegiak Frantziako adarrari buruzko erantzun bat emateko moduan da. Atzo, berriro ere erantzuteko epea egun batzuk atatzeratu zitue Naterrek, astelehen edo astearte arte. Aldeen arteko negoziazioak azken unera artekoak izan direla erakusten du horrek. François Hollanderentzat estatu mailako auzia zen hau, eta azkenean eragile askoren artean sare bat josi dute Maagonek Cevitalek nahi zituen marken operazioa baimentzeko. Itxura batean, 25 milioi horiek aldi bakar batean pagatuko ditu Issad Rebraben taldeak, eta ez hiru alditan, hiru urteko epearekin, hasiera batean proposatu zuen moduan.
Bestalde, administratzaile judizialek likidazio plana aurkeztu dute Atotxako epaitegian Fago Etxetresnentzat eta Edesarentzat. Orain bi asteko epean hasiko dira iristen eskaintzak Fagorren lantegiak, makinak eta markak erosteko. Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen ekonomikoko sailburuak aste honetan aurreratu du, eskaintza ezagunez gain, egon daitezkeela beste batzuk, eta Bergara aipatu du, baita Basauri bera ere, Edesa alegia.