Etxalde baserritarren eta kontsumitzaileen mugimenduak deituta, manifestazioa izango da bihar Bilbon, elikadura herritarren eskubidea dela aldarrikatzeko. Ekintza horren bidez, gaurko nekazaritza eta elikadura politikak salatu nahi dituzte, elikadura «espekulaziorako» merkantzia bihurtu dutelako, tokian tokiko ekoizpenaren kaltetan.
Manifestazioa eguerdian abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik. Han izango dira protestarekin bat egin duten hainbat erakundetako ordezkariek ere. Besteak beste, atxikimendua adierazi dute ELB, EHNE-Bizkaia, ELA, LAB, ESK, EILAS eta EGAS sindikatuek.
Etxaldek gogorarazi duenez, gaur egun Euskal Herrian jaten denaren %4 baizik ez da bertan ekoizten. «Horrek, dudarik gabe, menpekotasun ikaragarria dakarkie kontsumitzaile eta ekoizleei, banaketako kate handiekiko eta elikagaiak banatzen dituztenekiko: prezioak, kalitatea, markak eta gure eguneroko menua kontrolatzen dituzte». Ingurumenean ere eraginaduela diote, «eredu industrialak kutsatu eta hondatzen dituelako guztionak diren ondareak».
Hori ikusita, Etxaldek bere manifestuan aldarrikatu nahi du herri guztiek dutela eskubidea beren nekazaritza eta elikadura politikak zehazteko, kalitatezko elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko; elikagai «eskuragarriak, osasungarriak eta kulturalki egokiak», hain zuzen.
Hainbat proposamen egin ditu Etxaldek: ekoizpenaren benetako kostuak erakustea; merkatua eta ekoizpena kontrolatzeko mekanismoak sortzea, ekoizpen eta kontsumo lokalak hobetsi eta esportazioak mugatzeko; diru publikoa modu bidezkoagoan banatzea; lehen sektorean enplegua sortzea; eta gazteei lurra eskaintzea.
Manifestazioa bihar Bilbon, elikadura eskubidearen alde
Etxaldek gogorarazi du Euskal Herrian jaten diren elikagaien %4 baizik ez direla bertan ekoizten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu