Erregulazioan daude Gasteizko Kemen eta Saunier Duval enpresetan. Langile guztiak kaleratu nahi diru aurrenekoak, 75langile bigarrenak. Egoeraren aurka, manifestazioa egingo dute bihar elkarrekin. 18:30ean hasiko da, Bilbo plazatik hasita. Gasteizko industria enpresak alde egiten ari direla salatuko dute.
Hartzekodunen konkurtsoan dago Kemen, eta herenegun langile guztiak kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen. Alberto Gomez de Segura langile batzordeko arduradunaren esanetan, administrazio guztien pasibotasunak eta lan erreformak eragin dute gaur egungo egoera. 30 egun dituzte zuzendaritzarekin negoziatzeko, baina gauzak «zail» daudela azaldu du.
Lan erreformaren lehen biktimetako bat izan da Saunier Duval ere. Hura onartu aurretik, 80 langile kaleratzeko espedientea zeukan aurkeztuta. Erreformaren abantailez baliatzeko, erretiratu eta beste dosier bat aurkeztu zuen. Langileak ez daude ados, eta asteartean bideragarritasun plan bat aurkeztuko diote zuzendaritzari. Bost enpresa itxi nahi ditu Saunierren jabe den taldeak, Vaillant-ek. Horien artean bideragarriena Gasteizkoa dela esaten duen txosten bat emango diote langileek.
Manifestazioa egingo dute Kemen eta Saunier Duvaleko langileek
Gasteizko industria enpresen deslokalizazioa salatuko dute bi enpresetako langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu