Bere alderdiko sektore oso zabalen aldetik jasoko ez duen babesa jaso du enpresaburuen artean Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Medef patronalaren udako unibertsitatean txalo zaparrada artean hartu dute, eta txalo artean agurtu. Harrera bero horri erantzun egin dio Vallsek berak, enpresen defentsa sutsua egin baitu. “Enpresak maite ditut”, esan du, eta, uste zabalduen aurka, frantziar gehienek ere enpresari atxikimendua diotela aldarrikatu du, enpresa txikiei eta ertainei batik bat.
Frantziak bere enpresen eta ekintzaileen beharra duela aldarrikatu du, “enplegatzailerik gabe ez baitago enplegurik”. Horregatik, sutsuki defendatu du bere lehen gobernua hautsi eta bere gehiengo parlamentarioa auzitan jarri duen politikaren ildo nagusia: enpresei laguntzak ematea (gizarte kotizazioak eta zergak jaitsita), eta hori finantzatzeko gastu publikoan murrizketa handia egitea. Gezurtatu egin du enpresen esku 41.000 milioi euro jartzea opari bat denik —“ez du zentzurik esatea patroiei opariak egiten dizkieguela”—, eta aldarrikatu du Frantziaren arazo ekonomiko nagusia bere enpresen lehiakortasun galera dela. Lan kostu handiegien erruz enpresak merkatuak galtzen ari direla nabarmendu du, eta horri egotzi dio Frantziak gero eta defizit komertzial handiegia izatea.
Patronalaren ohiko beste eskari batzuen aldeko mezua zabaldu du Vallsek, burokrazia txikitzea eta lan kodea aldatzea malgutasun gehiago , esaterako. Azken hori, baina, sindikatuekin negoziatu behar dutela gogorarazi die. Irailean hasiko dira negoziazioak.
Baina gogoko ez zuten zerbait ere esan die lehen ministroak: ez dutela nahikoa egin enplegua sortzeko. Erantzukizunaren Itunaren mamia lan kostuaren jaitsiera zen, hartara enpresek diru gehiago izan zezaten merkatuak berreskuratu, inbertitu eta enpleguak sortzeko. Itun horrek ez zien azkenean enplegu sorrera helburu zehatzik ezarri enpresaburuei, eta sektorekako negoziazioen menpe utzi zuen xede horiek jartzea. “Martxoan sinatu zen, eta oso sektore gutxi hasi dira negoziatzen. Gehiago eta bizkorrago egin behar duzue”, aurpegiratu die lehen ministroak.