Maradonakeriak

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Argentinarrentzat Jaungoikoaren pareko den Maradonak ere sufritu eta sufriarazi dezake. Mozkin berri onak direnean ere, ez horrek ez du bermatzen akzio azokaren bilakaera ona. Eta derbi batean edozer gerta liteken lez, burtsan egun bakarrean gerta litekena ere, kiniela bat bezain aldakorra da. Real Madril eta Bartzelona, gure burtsan, bi erraldoi badira, Santander (+%0,97) eta Edurnezuri (-%0,16) dira horiek. Joera ezberdina erakusten badute, edozer gerta liteke. Atzo 21 puntu doi galdu zituen Ibex-35 (-%0,18) indizeak eta Euskal Herrian egoitza duten enpresek eragin zuten hein handi batean: 7na puntu galarazi zizkioten Iberdrolak(-%0,78) eta BBVAk (-%0,48) eta Gamesaren (+%1,36) igoerak puntu bakarra gehitu zion indizeari. Repsol-YPFk (-%0,74) 5 puntu kendu zizkion, argentinarren urduritasunak ez baitio onik egiten bere petrolio gehiena han duen enpresari. 2.815 milioi mugituta, argentinarrak lez, lasaiago daude indizeak; baina ez lasai.



BBVA. BBVAk (-%0,48) 225 milioiren gainbalioak eskuratu ditu, 1.500 milioiren lehentasunezko akzioen trukeak onarpen handia izan ostean. Akzio horiek zituztenen %81ek onartu du trukea, atzo Londresen jakinarazi zuenez. Inbertsiogileek lehentasunezko akzio berriak eskuratzen dituzte, errentagarritasun handiagoa eta likidotasun gehiago lortuz. Trukean, baina, ez dute zor zitzaien diru kopuru osoa jasoko eta, horrenbestez, berezko baliabideak indartzen ditu bankuak. Borondatezko truke hori banku askok eskaini dute, lehentasunezko akzioen prezioak behera egin baitu orohar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.