Mariano Raxoi eta Mario Monti, errealitateari bizkarra emanda

Espainiako eta Italiako gobernuburuek uko egin diote argitzeari erreskatea eskatuko duten edo ez

jakes goikoetxea
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«EBZren bilera? Ze bilera?», esatea bakarrik falta zitzaien atzo Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari eta Mario Monti Italiako lehen ministroari. Krisia kudeatzea beren ardura izango ez balitz bezala eta krisiak gehien kaltetutako bi herrialdetako agintariak izango ez balira bezala hitz egin zuten atzo Madrilen, elkarrekin bildu eta gero. Errealitateari bizkarra emanda. Ez zuten argitu ea erreskatea eskatuko duten edo ez.

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak 14:30ean bidali zien mezua Raxoiri eta Montiri: EBZk bi herrialde horien zorra erostea nahi badute, aurrena erreskatea eskatu beharko diote EFSF behin-behineko erreskate funtsari. Herrialdearentzako —herritarrentzako—baldintzekin, jakina. EBZk uko ezin zion, beraz, Raxoiren eta Montiren eskaera zuzenari, hau da, EBZk zuzenean herrialdeen zorra erosteari.

Raxoik eta Montik ia 17:00etan egin zuten agerraldia Moncloan, Madrilen. EBZren erabakiak ondo entzun eta aztertu eta gero. Dena den, Montik prentsaurrekoan esan zuen EBZren adierazpena «azaletik» baino ez zuela irakurri. Nork eta Italiako lehen ministroak, noiz eta arnas pixka bat hartzeko EBZri erreguka aritu denean. Monti Europako hainbat herrialdetan izan da egunotan, krisiari buruz hitz egiteko eta laguntza eskatzeko.

Hasierako adierazpen ofizialean ez batak ez besteak ez zuten EBZren erabakirik aipatu. Elkarri lausenguak, defizita murrizteko konpromisoa eta ekaineko goi bilerako neurriak lehenbailehen indarrean jartzeko eskaera baino ez.

Lehenengo galderatik, baina, EBZren erabakiei buruz galdetu zieten biei. EBZk ataka zailean utzi ditu, erreskatearen mende. Hala ere, bai Raxoik, bai Montik, «puntu oso positiboak» baino ez zituzten ikusi EBZren erabakietan. Zergatik? EBZrentzat Espainia eta Italia zor merkatuetan gehiegizko zigorra jasotzen ari direlako; EBZk euroa «atzeraezina» dela esan zuelako; onartu duelako arrisku sariek moneta politikari eragiten diotela; eta ez zuelako baztertu «ezohiko neurriak» hartzea.

EFSFren aipamenik ez

Neurri horien artean legoke herrialdeen zorra erostea zorraren bigarren mailako merkatuetan. Beti ere aurrena gobernuek EFSFri erreskatea eskatzen badiote eta erreskatearen truke baldintzak eta kontrola onartzen badituzte. Ez Raxoik ez Montik ez zuten EBZk atzo jakinarazitako baldintza hori aipatu ere egin.

Galdera agerikoa zen: Espainiak eta Italiak erreskatea eskatuko al dute? Montik garbi erantzun zuen: «Italiak ez du erreskate osorik eskatuko». Baina Montik ez zuen egia osoa esan, onartu baitzuen Italiak aztertu egingo dituela «gehiegizko arrisku sariak saihesteko laguntzak». Laguntza horien artean dago EFSF erreskate funtsera jo behar izatea; baina Montirentzat hori ez da erabateko erreskatea, Greziak, Irlandak eta Portugalek jaso dutenaren parekoa, bestelako laguntza baizik.

Raxoik luze eta zabal hitz egin zuen, baina ez zuen argi eta garbi erantzun, ezta hiru aldiz galdetuta ere. «Gaurtik aurrera ez dut gauza ezberdinik egingo, ez ditut irizpideak aldatuko», erantzun zuen. «Baina Espainiak erreskatea eskatuko al du?», galdetu zioten, berriro. «Argi eta garbi erantzun dizut zer pentsatzen dudan EBZren adierazpenaz», esan zion Raxoik kazetariari.

Raxoiren azalpenak, gaur

Iragan ostiralean Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak esan zuen ez dutela erreskaterik eskatuko, erreskatea ez dela aukera, Reuters agentziak kaleratutako albiste bat gezurtatzeko. Raxoik atzo ez zuen Saenz de Santamariak bezainbeste esan. Beste zenbait kasutan Raxoik zuzenean esan izan du zenbait murrizketa edo zerga igoera ez dituela ezarriko, baina gero onartu egin ditu.

Raxoik bigarren aukera izango du gaur azalpenak emateko eta balizko erreskateari buruzko zehaztasunez hitz egiteko, agerraldia egingo baitu Ministroen Kontseiluaren ostean. Iazko abenduaren 20an presidente kargua hartu zuenetik lehen aldia izango da Ministroen Kontseilua eta gero hitz egingo duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.