Burtsa marea gora datorrenean buruz behera bertara jauzi egitea ez da komeni; Olabarri kalea ez da Bermeoko esamolderako egokia. Ibex-35 (+%0,11) indizeak ibilaldia egin zuen zenbaki berdebeltzetan eta berdinketaren kostaldetik gertu amaitu zuen eguna. 2.271 milioiren eguna ez gatz ez berakatz joan zen, gorabeherarik handienak ere, txiki. Gas Naturalek (+%3,21) gora egin arren, bi banku handienek %1,36na galdu zuten eta galeren baga gelditzeko, Edurnezurik (+%1,03) egin zuen kaiarena. Berri makroekonomikoak gutxi dira eta EBZren aldetik interes tasak gehiago jaistea geroz eta zailago ikusten da. Ekainean Europako erosketa arduradunen inkestak azken 9 hilabeteotako maximoa jo du, baina apal mugitzen ari da oraindik ere; antxoaren berrindartzearen antza du. CAC-40 (-%0,21) eta Eurostoxx-50 (-%0,25) indizeez ez zituzten galerak saihestu, besteak beste Credit Agricole (-%3,79), Aegon (-%3,78), BNP (-%1,34) eta ING (-%1,98) medio.
Montebalito(%14,63) izan zen atzoko txerritxo kurrinkariena, Urbasekin (+%3,03) eguzki plaken bost ortu eraikitzeko akordioa lortu duela plazaratu ostean. Txitxarro hutsa da baina: 132.000 euro ere ez zituen atzo mugitu. Bermeon antxoak beste?
Gas Naturalek (+%3,21) Enagasen (+%2,71) %5 salduko dio Oman Oil konpainiari, Lehiaren Auzitegiaren onespenez. Horrenbestez, Fenosaren (+%2,37) erosketa eta bat-egiterako jarritako baldintzetako bat (Enagasetik irtetea) beteko du.
Marigoran kikunbera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu