finantzak

Mario Conde atxilotu dute, Banestotik ostutako dirua zuritzen ari delakoan

Bankari ohiaren semea, alaba eta beste bost lagun ere atxilotu dituzte.

Guardia Zibilak Conderen etxe atarian, Madrilen. ANGEL DIAZ / EFE
Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 11
13:18
Entzun

Banestoko presidente izan zenean (1987-1993) egindako kudeaketarengatik zigortu zuten Conde (Tui, Galizia, 1948), bidegabeko jabetzea, iruzurra eta faltsukeria egin zituelakoan. Epaileek frogatutzat jo zuten bankuko dirua ostu zuela bankari galiziarrak, baina horren zati handi bat —900 milioi pezeta, 5,4 milioi euro— ez zuten inoiz aurkitu.

Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak uste dutenez, diru ezkutu horren zati bat espainiaratzen ari zen orain Conde. Zehazki, Suitzan eta Erresuma Batuan gordetako dirua zen. Iturri judizialek Efe agentziari esandakoaren arabera, 1999an hasi zen Conde dirua zuritzen. Diru kopuru txikiak izan ohi ziren, bankari ohiaren gastuak estaltzeko adina. Testaferroen bitartez Espainian sortutako enpresetara zihoan dirua, Suitzako eta Erresuma Batuko enpresek emandako maileguen edo egindako kapital handitzeen bidez, edo esku dirutan.

Guardia zibilak Conderen Madrilgo etxea eta hari lotutako hainbat enpresa arakatzen ari dira.

Banesto auzia

Banesto auzia 1980eko eta 1990eko hamarkadetan Espainian ezagutarazi zien kasu sonatuetako bat izan zen. Conderen eskutik oso politika oldarkorra egin zuen banku horrek, bankua bera arriskuan jartzeraino. 1993ko abenduan Espainiako Gobernuak eta Espainiako bankuak Banestoren kontrola hartu zuten, 4.965 milioi pezeta galdu zituela iragarri ostean. Conde kargutik kendu eta ikerketa egin zutenean, 605.000 milioi pezetako zuloa aurkitu zuten (3.650 milioi euro).

Akusazioak ukatu eta bere aurkako kanpaina pertsonala salatu zuen Condek. Bankua hustutzeaz eta iruzurra egiteaz errudun aurkitu zuten, ordea, Auzitegi Nazionalak lehenik eta Auzitegi Gorenak. Azken horrek 20 urteko espetxe zigorra ezarri zion, baina urte gutxi egin zituen  preso. 2008ko udan baldintzapeko askatasunean atera zenetik, telebistan aurkezle edo komentarista lanak egin ditu, eta Galiziako Parlamenturako hautagai ere izan zen, arrakastarik gabe.

Banestoren jabetzaren %73 Santanderren eskuetan utzi zuen gordailuak bermatzeko funtsak. Akzio bakoitzeko garai hartako 762 pezeta ordaindu zituen (ia 4,6 euro), eta pakete osoaren truke, 1.888 milioi euro. 1998. urtean akzio guztiak kontrolatzeko eskaintza publikoa egin zuen Santanderrek, eta jabetzaren %97 eskuratu zuen. Marka gisa urte batzuk egin zituen Banestok, Santanderrek desagerrarazi zuen arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.