Kutxabank abian jarri besterik ez eta jada finantza erakunde gehiago bereganatzeaz hitz egiten ari da. Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak ez du ezkutatzen handitu egin nahi dutela, tamaina bikoiztu. "Eremu lokaleko banku izateari utzi nahi diogu, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik haratago joan nahi dugu", esan du gaur, komunikabideekin egindako topaketa batean, Bilbon. "Espainian ere" garrantzitsuak izan nahi dutela nabarmendu du, "baina Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari kalterik egin gabe". Banka lokala eginda zabaldu nahi du, jatorrian errotuta dauden erakundeak bereganatuz eta "frankiziak" sortuz. "Cajasurren arrakastaren eredua" zabaltzea, alegia.
Espainiako Gobernuak bankuen bat-egiteak bultzatu nahi ditu, finantza erakunde gutxiago eta sendoagoak izateko. Fernandezek onartu du Kutxabankentzat agian azkarregi dela, hiru kutxen bat-egiteari eta Cajasurren integrazioari aurre egin behar baitio oraindik. Dena den, merkatuko aukerak aztertzen ari da, "beharko balitz", integrazio operazioren bat egiteko. Beti ere Kutxabanken mende.
Espainiako Gobernuak onartuko duen finantza sistemaren erreforma da Kutxabanken kezka nagusietako bat. Erreforma horren bitartez finantza erakundeak behartu egin nahi dituzte orain baino diru gehiago gordetzera, etxegintzako inbertsioak eragin ditzaketen galerei erosoago aurre egin ahal izateko. Fernandezek nabarmendu du "zuhurtziaren mugaren gainetik" jokatu dutela eta diru asko gorde dutela, badaezpada.