Bildu edota Gipuzkoako Diputazioa ez dute aipatu ez Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak, ezta Pello Gibelalde Adegikoak ere gaur goizeko prentsaurrekoan, baina subjektu politiko horiei etengabe erreferentzia egin diete, nolabait "Gipuzkoaren egungo muturreko egoera" haien ardura dela adierazteko. "Gelditu gaitezke arratsaldean ea sistema ekonomikoa aldatzeko gai garen ikusteko", esan du ironiaz Fernandezek, eta hauxe erantsi: "Sistema aldatzen ez den bitartean, ezin da originala izan".
Gipuzkoako enpresak salbuespen egoeran daude hala Gibelalde nola Fernandezen ustez, "arlo fiskalean eta lan gatazkei begira" desberdina delako lurralde hori besteetatik. Kutxabank enpresariek duten "aitorpenik eza" ikusi du, eta 150 milioi euroko funtsa jarriko du haientzat, "lehentasunezko baldintzetan", bai zorra berriro finantzatzeko, bai inbertsio berriak egiteko. "Inbertsiorik gabe ez dago hazkunderik, eta hazkunderik gabe ez dago aberastasunik, eta hura gabe ez dago enplegurik", esan du Kutxabankeko buruak. Funtsak beste 150 milioi jaso ditzake, "eskaeraren arabera".
Mailegu lerro hori "benetan" eskertu dio Adegiko buruak Kutxabankekoari, "presio giroa" handia delako Gipuzkoan enpresarientzat. "Une honetan, lurraldeko enpresen erdiek galerak dituzte, eta ez da urtea itxi oraindik. Datu horrek dena esaten du". Gipuzkoako enpleguaren %80 sektore pribatuak sortzen duela gogorarazi du Gibelaldek, eta enpresaria "zaintzeko ondasuna" dela. "Enpresariak nekatuta daude, leher eginda, baina ez lan egiteagatik, gizartea nola egituratzen ari den ikusita baizik", esan du. "Enpresak itxi egingo dira, ez badira lehiakorrak, Tolosan manifestazioak egin ala ez", erantsi du, larunbat honetarako ELAk eta LABek Tolosaldeko enpleguaren alde deitutako manifestazioari erreparatuz. Pello Gibelaldek prentsaurrekoaren amaieran bota du beste esaldi biribil bat: "Gipuzkoa ez da erakargarria inbertsioak egiteko".
Lurraldeak dituen "aldagai ezkorrak" berretsi ditu Kutxabankeko presidenteak ere, Gipuzkoa salbuespeneko egoeran dagoelako tesian sakonduz. "Merkatu globalizatuen arauekin funtzionatu behar dugu", esan du. Kutxabankek enpresentzat jarritako mailegu lerrotik dirua jasotzeko baldintza zein den ere mugatu du. "Enpresek lehiakorrak izan behar dute, hori da baldintza". 300 milioi euro horiekin, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean martxan jarritakoarekin batera, "enpresen beharren zati bati" erantzungo zaiola uste du Fernandezek. Guztira, 800 milioi euroren maileguak jarriko ditu Kutxabankek, 150 Araban, 300 Gipuzkoan eta 350 Bizkaian.