Urteko lehen hiru hilabeteetan matrikulazioek behera jarraitu zuten Hego Euskal Herrian, baina bazirudien motelago ari zirela jaisten. Apirilak erakutsi du goiz dela sektorea onbideratzen hasi dela esateko. Izan ere, iaz epe berean baino %29,74 auto gutxiago saldu dira. Alde handia izan da herrialdetik herrialdera. Araban izan da jaitsierarik handiena, %52koa; Gipuzkoan eta Bizkaian, hurrenez hurren, %38 eta %29 gutxitu dira salmentak. Nafarroan, Renove plan berriari esker, beherakada txikia izan da,%7,4koa hain zuzen.
Martxo amaieratik Nafarroako Gobernuak 2.200 euroko laguntza ematen die kilometroko 100 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duen autoren bat erosten duenari. 140 gramo CO2 baino gutxiagoko bat erosten dutenek, berriz, 1.200 euro jasotzen dituzte.
Ederki igarri diote neurriari auto saltzaileek. Ez dute lortu iazko emaitzak parekatzerik, baina martxoan baino 422 auto gehiago matrikulatu dituzte. Herritar arruntek egindako salmentak, esaterako, %28 handitu dira iaztik. Kontuan hartu behar da, gainera, aurten Aste Santua apirilean izan dela eta, beraz, egun gehiagoan egon direla itxita saltokiak.
Urteko lehen lau hilabeteetako datuak kontuan hartuta, lau herrialdeetan jaitsiera %20 baino handiagoa izan da. Handiena Gipuzkoan, %32koa. Aurreko hilabeteetan bezala, Renault markako autoek eduki dute arrakastaik handiena. Haren atzetik, Citroen, Ford eta Opel etxeetakoak saldu dira gehien.
Martxoan ia %30 jaitsi dira autoen matrikulazioak Hego Euskal Herrian
Renove plan berriari esker, Nafarroan beherakada askoz txikiagoa izan da, %7,4koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu