Martxoaren 22an hasiko dira soldatei buruzko negoziazioak Frantzian

Funtzionarioen soldatez hitz egiteko prest agertu da Raffarinen gobernua eta sindikatuak zuhur dira horren aitzinean

ERREDAKZIOA - BAIONA
2005eko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Funtzio publikoko hilabete sariaz hitz egiteko bilkura bat martxoaren 22an antolatzeko ados jarri dira Renaud Dutreil Funtzio Publikoaren ministroa eta funtzionarioen federazioak. Soldatak goititzeko xedearekin negoziaketen atea irekitzeko bidean dagoela dio Frantziako Gobernuak eta egitarau bat publiko egin du hasteko, nahiz eta oraino ez deus zehatzik argira ekarri.

Izan ere, hilaren 22ko bilkuraren biharamunean, Raffarinek Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren aitzinean langileen soldatek irabazietan daukaten parte hartzea areagotzea bultzatzeko disposizioa azalduko luke. Anartean, bihar bertan Thierry Breton ekonomia ministroak parte hartze horren «ezohiko goititze» estimulatzeko neurriak iragartzekoak lituzke, burtsan iaz etekin izugarriak eskuratu dituzten enpresei begira. Ostiralean, Gerard Larcher, lan harremanez arduratzen den ministroak berak du zuzenduko partaide sozialekin pribatuko langileen eros ahalmenari buruz iragaitekoa den bilkura. Gobernuaren aldaketa horiJean-Pierre Raffarin frantses lehen ministroaren joan den igandean Radio J. irratian egin adierazpenen ondorioz heldu da. Alabaina, martxoaren 10ean izan mobilizazio handiaren ondoren, guztiak Frantziako gobernuaren erreakzioaren zain zeuden. Baionako karriketan, hain justu, 5.000 pertsona ibili ziren, sindikatu guztiek bat eginik. Otsaileko manifestazioei elkor egon bazen, oraingoan Raffarinek berak onartu du gobernua ezin dela «isilik egon». Sindikatuek «norabide aldaketa taktikoa» sentitzen badute, zuhur egoten dira. Nahiz eta negoziatze irekitzearen alde mintzatu guztiak, elementu konkretuen zain agertu ziren. Gainera,35 orenei dagokienez ministroak ez duela aldaketarik ekarri salatu zuten CFTCko Jacky Dintingeren gisara, «eztabaida ez delarik urrundik ere zerratua». Anartean, eztabaida arrapiztuko duten kopuru batzuk publiko egin zituen atzo Insee erakundeak, eros ahalmenari buruzkoak. 2003an, sektore pribatuan eta erdi publikoan inflazioa gehiago igo zen soldatak baino, %0,3. Azken sei urteetan ez zen horrelakorik ikusi. Urrunago joanez, soldatadunei bakarrik begiratu eta, haien eros ahalmena 25 urtez kasik mugitu gabe gelditu dela zioen Jean Paul Fitoussi OFCE institutu ekonomikoko lehendakariak. Urteka %0,6az igoz. «Hain garai luze batean, izugarri behera da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.