Mehatxuak eta 21 kaleratze salatu dituzte Hansoneko langileek

Protestak bertan behera uzten ez badituzte hil egingo dituztela mehatxu egin diete zenbait lagunek

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hanson Hispania enpresak lanik gabe utzi ditu orain arte Erandioko eta Gueñesko lantegietatik (Bizkaia) porlana garraiatzen zuten 21 garraiolari autonomoak. Langileek diote enpresak kaleratu egin dituela; enpresak, berriz, beste enpresa bat kontratatu duela garraio lana egiteko. Langileek salatu dute herenegun «erasolari batzuk» azaldu zirela enpresan, eta langileei hiltzeko mehatxua egin zietela, protestak bertan behera uzten ez badituzte.

Alemaniako Heidelberg Cement Group multinazionalaren adarra da Hanson Hispania. Eraikuntzako materialak egiten ditu, porlana batez ere. Iaz 511 milioi euro irabazi zituen, 2009ko 168 milioi euroak baino gehiago, baina 2008ko 1.920 milioi euroak baino gutxiago. Ia 53.500 langile ditu munduan.

Maiatzaren 9an zuzendaritzak kontratu proposamen bat aurkeztu zien garraiolariei. Langileen eta Egas eta Sintrabi sindikatuen iritziz, proposamen «umiliagarria eta bidegabea»: uko egin behar zieten legeak langile autonomoei eskaintzen dizkien babesei; ordainketa epeei eta gasolioaren prezioei buruzko akordioei; eta prezioak %17-20 merkatu behar zituzten —jada izoztuta daude duela zenbait urtetik—.

Garraiolariek eta sindikatuek salatu dute enpresak estutu egin dituela, gutunen bidez, jada onartuta dauden zenbait kontzeptu bertan behera uzteko: gaueko lanaren plusa, jaiegunetakoa... Garraiolariek, batez beste, hogei urtetik gora egin dituzte Hansonentzat lanean.

Hanson Hispaniaren bertsioa oso bestelakoa da. Azpikontratatuta zituen 21 garraiolariak ez kontratatzera «behartua» egon dela dio, aurtengo prezioei buruzko akordiorik lortu ez dutelako: «Merkatuko prezioak baino askoz ere garestiagoak zituzten; egoera eutsiezina zen. Merkatuko baldintzen araberako baldintzei uko egin diete».

Garraiolariek kudeatzen zuten Hansonen porlanaren garraioa. Horrek garraiolarien produktibitatearen eta enpresaren lehiakortasunaren «beheraldia» eragin duela nabarmendu du enpresak.

«Uretara» edo «lau tiro»

Hansonek ez du aipatu herenegungo gertaera. Garraiolarien esanetan, «erasolari batzuk» agertu ziren langileen protestetara, borra luzagarriekin eta ukabil amerikarrekin. Hiltzeko mehatxuak egin zizkieten, Erandioko eta Gueñesko lantegietako protestak bertan behera uzten ez badituzte: «Eskuak moztu, lepoan harri bat lotu eta uretara botata» edo «buruan lau tiro jota».

Langileek gertatutakoa salatu dute Ertzaintzan. Haien iritziz, enpresa da gerta daitekeenaren «bigarren mailako erantzulea».

Protestekin jarraituko dute.Aztertzen ari dira eraikuntzako materialen Bizkaiko garraio sektore osora zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.