Aurten 94.600 auto egin nahi dituzte Mercedesek Gasteizen daukan lantegian, hango buruek iragarri dutenez. Hurrengo urtean 100.000tik gertu ibiltzea dute asmo, Euskal Herriak «industrializaziorako eta ekoizpenerako bermeak» eskaintzen baitizkio Mercedesen jabe Daimler-Chryslerri.
Gustura dago Gasteizen, konpainiak Espainian daukan Gisa Baliabideetako arduradun Rodrigo Navarroren arabera. Lantegian barrena bisitaldia egitera gonbidatu zituen atzo kazetariak, eta osteratxoaren joanean azaldu zizkien ekoizpenaren nondik-norako esanguratsuenak. Iaz, 92.910 ibilgailu ekoitzi zituzten Gasteizko Mercedesen: 72.656 Vito eta 20.254 Viano furgoneta.Ibilgailuak Euskal Herrian egin, baina 80 herrialde baino gehiagotan saldu zituzten. Aurten, 1.700 ibilgailu gehiago ekoitzi nahi dituzte, Navarrok ohartarazi zuenez. Inoizko markarik handiena litzateke hori. Dena den, helburu are handiagoak dauzkate Daimler-Chryslerreko buruek 2006rako: 97.600 ibilgailu ekoitzi gura dituzte.
2003an halako bi da ekoizpen ahalmena orain
Giza Baliabideetako zuzendariak azaldu zuen 800 milioi euro inbertitu dituztela Gasteizko lantegian, eta lehen halako bi direla azpiegituren hedadura eta ekoizpen ahalmena.
Ororen gainetik, U itxurako muntaketa katea nabarmendu zuen: «Horri esker, stock barik eraiki ditzakegu ibilgailuak, piezak erabili ahala hornitzen baita katea». Daimler-Chrysler eta Euskal Herriaren arteko loturaz jardun zuen gero.Mercedesen lantegia Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Barne Produktu Gordinaren %4eta esportazioen %10 dela jakinarazi zuen Navarrok. Langileen prestakuntza goraipatu zuen, halaber. «3.700 langileen %70ek Lanbide Heziketako bigarren zikloren bat ikasi dute. Lan talde gaztea, dinamikoa eta gaitua da». Prestakuntza «sendo» hori «industrializaziorako eta ekoizpenerako bermea» da, Navarroren ustez.Berebiziko garrantzia eman zion, gainera, sinatutako lan hitzarmenari: «Merkatuaren gora-beherei neurria hartzeko aukera ematen digu itunak. Malgutasuna ematen digu eta hori ezinbestekoa da lehiatzeko».
MERCEDES. Aurten 1.700 ibilgailu gehiago egingo dituzte
Gasteizko lantegiak «industrializaziorako bermeak» eskaintzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu