UGTk eta CCOOk, berriz, ibilgailu enpresaren azken eskaintza datorren astelehenean egitekoa den langileen batzarrean bozkatzea nahi dute. Eskaerak ez du aurrera egin, batzordean gehienak aurka azaldu baitira. «Ez da erreferendumik egingo, ez delako oinarrizko akordiorik gauzatu», zehaztu dute batzordeko iturriek.
Hala, beste era bateko ezaugarriak ditu datorren asteko deialdiak. Batzarrak 13:00etatik 15:00ak arte iraungo du, goizeko eta arratsaldeko txandetako langileek parte hartzeko aukera izan dezaten.
ELA, LAB, ESK eta LSB mobilizazio egutegia prestatzen ari dira egunotan, eta langileen babesa bilatuko dute asteheleneko hitzorduan. Sindikatuek aldez aurretik ez dute aukera bat bera ere baztertu nahi. «Izan daitezke elkarretaratzeak edo manifestazioak, baina grebak edo ordu batzuetako lanuzteak egiteko aukera ez dugu oraingoz baztertu nahi», azaldu du Iñaki Andak, LAB sindikatuko batzordekideak.
Eskaintza handiago batekin, «enpresa arriskuan»
Mercedeseko zuzendaritzak komunikatu bat kaleratu zuen joan den ostiralean, lan ituna hitzartzeko sindikatuek jarritako epea bukatu zen egunean. Akordioa lortu ahal izateko «bide guztiak» ibiltzen saiatu dela nabarmendu zuen enpresak. Aurkeztutako eskaintza gainditzeak, gainera, lantegiaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna arriskuan jar zezakeela ohartarazi zuen.
Zuzendaritzak lau urteko hitzarmena eskaini zuen. Soldata igoerari dagokionez, urteko KPI erreala gehi %1, eta urtez urte lanaldia zortzi ordu murriztea 2004. urtetik aurrera. UGTk eta CCOOk ez dute begi txarrez ikusten eskainitakoa, baina gainerako sindikatuek nahikoa ez dela azaldu dute. Izan ere, orain arte eztabaida gehien sortarazi duen gaian, malgutasunaren antolakuntzan, jarrerak oraindik oso urrun daudela uste du batzordeko gehiengoak.
P VOLKSWAGEN
Malgutasunaz hitz egiteko premia
Nafarroako Gobernuak eta UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiaren egoera aztertu zuten atzo. Bileraren ondotik Jesus Sanchez Bruna UGTko kide eta multinazionaleko lan batzordeko presidenteak esan zuen hurrengo lan hitzarmenean «araututako malgutasunaz» mintzatu beharko dutela. Gogoratu behar da auto salmenta jaitsierari aurre egiteko zuzendaritzak iragan abenduan lan malgutasuna hitzartu zuela UGT, CCOO eta Koadro Konfederazioak (CC) sindikatuekin. Akordioaren ondorioz lanaldia 214 egunetik 203 egunera jaitsi zen. Atzo 2004rako 245.000 autoko produkzioa iragarri zuten, eta malgutasun akordioan aurreikusten den %5 jaitsiera ez dela gauzatuko.