Merkantzien trafikoa %25 jaitsi da Bilboko Portuan urtarrilean

Iaz 39 milioi tona garraiatu ziren, 2007an baino %1,5 gutxiago, siderurgia eta erregaien beherakadagatik

Mikel Carramiñana.
2009ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Nazioarteko finantzetan sortu eta lantegiak hustu ondoren, krisialdiak kostaldera ere iritsi da. Bilboko Portua «ekonomiaren bilakaeraren isla» izan dela esan zuen atzo Jose Angel Corres-ek, Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak. Iazko salgaien trafikoaren datuak zabaltzeko agerraldia egin zuen Corresek, eta berri txarrak eman behar izan zituen. 2008an merkantzien garraioari eutsi badio ere, %1,5 atzera eginda, Bilboko Portuak aurtengo lehen hilabetean izan du beherakadarik handiena. Trafikoak %25 egin du behera, azken hamahiru urteetako jaitsierarik handiena, Corresek aitortu zuenez.

Etorkizunera begira ez dutela aurreikuspenik egin jakinarazi zuen Portu Agintaritzako presidenteak. Lehen sei hilabeteetan, alabaina, «ezer ez» dutela espero azaldu zuen. Bilboko Portuan garraiatutako merkantzietatik, edonola ere, %60 baino gehiago «zikloetatik at» dagoela nabarmendu zuen, eta, hortaz, krisi ekonomikoak gutxiago eragingo diela.

Bilboko Portuko Agintaritzak neurriak iragarri ditu «ekonomiaren egoerari begira» bezeroak laguntzeko. Portuko tasak %3,1 merkatuko dituztela jakinarazi zuen eta, horrez gain, okupazio tasaren ordainketa atzeratzeko aukera eskainiko dute.

Azpiegitura berrietarako aurrekontuaren berri ere eman zuten atzo. Aurten, 54,4 milioi euro inbertituko dituzte hainbat obratan.

Diru sarreretan, gora

Salgaien garraioa milioi bat tonajaitsi arren, 69,9 milioi euro fakturatu zituen iaz Bilboko Portuak, 2007an baino %4 gehiago.

Gastuak kenduta, 39 milioi euroko etekina izan zuen; %2,3ko igoera.

Siderurgian eta erregaien merkantzietan izan ziren iazko jaisiera handienak. Bilboko Portuan %33 gutxitu zen ikatzaren garraioa, %17 gasolioarena eta %11 produktu siderurgikoena. Produktu kimikoen trafikoak, aldiz, %35 egin zuen gora, eta gas naturalarenak, %27.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.