Egoera “kezkagarria” dela dio Pedro Campo Euskomer EAEko merkatarien patronaleko presidenteak. 2012an Espainiako Gobernuak hartutako zenbait neurrik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkataritza sektorean ondorio “ezin txarragoak” sorrarazi dituela esan du. Zehazki, BEZaren igoerak eta langile publikoei abenduko lansari gehigarria kentzeak eragin zuzena izan du sektorean.
Eta datuek ere beheranzko joera hori berresten dute. 849 merkataritza saltoki itxi ziren joan den urtean, eta horrek merkatari txikien artean 1.314 enplegu suntsitu ditu. Hori guztia salmenten jaitsieraren ondorio zuzena izan da. Denera, 2011n baino 120 milioi euro gutxiago fakturatu dituzte EAEko merkatariek, hau da, %5,2ko jaitsiera izan dute. Denera, sektoreak %15,3ko jaitsiera izan du 2009az geroztik, eta “egoerak ez du hobetzeko itxurarik urte honetan”, esan du Campok.
Une honetan, merkataritza sektoreak finantzaketa lortzean dauka oztoporik handiena, eta laguntzak eskatu ditu Euskomerrek. Horrez gain, sektoreak hobetzen jarraitzeko hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean: merkataritza dinamizatzeko bulego baten sortzea, berrikuntza sustatzea, ekintzaileei laguntzeko programak babestea eta negozioen transmisioan sakontzea. “Merkataritza sektorea astinduak jasotzen lehenengoa izaten da”, Camporen esanetan. Baina BPGaren %13 euren esku dagoela ere gogorarazi du. Horregatik, laguntzeko eskaera egin du.
Negoziazio kolektiboa
Patronalak ere ez du ahaztu nahi izan negoziazio kolektiboak egun duen egoera. “Sektoreko hitzarmenen alde egiten dugu guk”, esan du Campok. Izan ere, merkatariek “nekez” lortuko dituzte enpresako hitzarmenak. Une honetan sektoreko hitzarmena negoziatzen ari dira Gipuzkoan, uztailaren 7an hitzarmen horiek indarrik gabe geratuko baitira akordiorik lortu ezean.
Patronaleko presidenteak, bere aldetik, sindikatuei dei zuzena egin die: “Errealistak izan beharra daukate, gure baitan dauden saltokiek lau eta sei langile artean baitauzkate”. Horregatik, sektoreko hitzarmena adosteko garaian legea eskuan daukatela lan egingo dutela gogorarazi du. “Ezin gara gelditu joan den mendeko hitzarmenetan sustraituta”.