Merkealdiko lehen eguna greba eguna izan daiteke Bizkaian. Sindikatuek eta Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak bilera zuten atzo, lan hitzarmenari buruz hitz egiteko, baina Cecobiko ordezkariek bilera bertan behera utzi zuten herenegun. ELA, LAB eta Euskadiko CCOOrentzat, gertatua «oso larria» eta «errespetu falta» da, eta eutsi egin diote urtarrilaren 7rako deituta zuten greba egunari.
Berez, greba deialdia indarrean zegoen, baina gogoratu behar da sindikatuek bertan behera utzi zituztela iragan osteguneko eta ostiraleko greba egunak, patronalaren proposamen bat jaso zutelako. Sindikatuek beste proposamen batekin erantzun zioten, eta atzokoa zen patronalak erantzuteko eguna. Cecobik urtarrilaren 4an bildu nahi du berriro sindikatuekin.
«Denbora faltagatik»
Euskadiko CCOOren arabera, Cecobik «denbora faltagatik» eta «haren ordezkariek lana eta familia ezin izan dituztelako bateratu» utzi zuen bertan behera atzoko bilera. Sindikatuarentzat argudio horiek «harrigarriak» dira, eta ez datoz bat greba deialdien inguruko alarma egoerarekin, ondorio larriekin eta negoziazio borondatearekin.
Cecobik berak atzo zehaztu zuen ez dituztela amaitu lan hitzarmenak eragiten dien sei sektoreetako barne bilerak.
Sindikatuek Bizkaiko merkataritzako langileak grebara deitu zituzten iragan ostegunean eta ostiralean ere, baina bertan behera utzi zituzten ostegunean, patronalaren azken orduko proposamen bat jaso zutelako, bi urtean jasotako «onena». Soldataz aurreko urteko KPIaren pare igotzea eta atzerapenak ere ordaintzea.
Bi aldeen proposamenak hurbiltzeko eta akordioak lortzeko bilera zen atzokoa, baina ez zen bilerarik egin, eta Cecobik urtarrilaren 7a baino hiru egun lehenago egin nahi du. ELAk, LABek eta CCOOk gogorarazi nahi izan dute negoziazio mahaia blokeatuta egon dela bi urtean, eta iragan ostegunean lortu zutela aurrerapen bakarra.
Merkataritzako grebari eutsi diote urtarrilaren 7an Bizkaian
Patronaleko ordezkariak ez ziren azaldu atzoko bilerara, eta jokaera hori «oso larria» da sindikatuentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu