Diru politika

Merkatua diruz bete dute banku zentralek, sistemak porrot ez egiteko

EBZ motz geratu dela uste dute burtsek, eta haietako askok inoizko egunik okerrena izan dute

Christine Lagarde EBZko presidentea. ARMANDO BABANI / EFE
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 12a
14:58
Entzun

2008ko krisiaren ikasgaia ikasi dutela erakutsi nahi dute banku zentralek. Koronabirusari aurre egiteko neurriek finantza sektorearen funtzionamendua gerarazi aurretik, diruz beteko dituzte merkatuak. Europako Banku Zentralak 120.000 milioi euroren erosketak agindu ditu zor publikoan eta pribatuan, eta nahi beste likidezia agindu die bere eremuko bankuei. AEBetako Erreserba Federalak, berriz, 1,35 bilioi euro baliatuko ditu Altxorreko bonuak erosteko, «ezohiko mugimenduak» ikusi dituelako merkatu horretan.

Fed-en erabakiak arnas pixka bat eman zien AEBetako burtsei, eta zabaldutakoan galdutakoaren zati bat berreskuratu zuten. Baina gutxi iraun zuen aireak, eta Europako merkatuen amiltzea jarraitu zuten. Historikoa izan zen jaitsiera Europako burtsetan. Inoizko erorketarik handiena izan zuten Milango burtsak (-%16,9), Madrilgo Ibexek (-%14), Parisko CACek (-%12,3), eta kontinenteko enpresa indartsuenak biltzen dituen indizeak, Eurostoxx 50ek (-%12,3).

Europako burtsen amiltzea bizkortu egin da arratsalde hasieran, Christine Lagardek EBZren Frankfurteko egoitzan hitz egin ahala. Merkatuek ulertu zuten motz geratu zela Lagarde, eta neurri gogorragoak eskaini behar zituela euroguneari gainera etor dakiokeen atzeraldia arintzeko. Lagardek garrantzia kendu dio burtsen berehalako erreakzioari, eta esan du epe erdirakoak axola zitzaizkiola.

Eskaera estatu kideei

«Shock handi bat jasaten ari gara», aitortu du EBZko buruak, baina argi utzi du krisiari aurre egiteko eginahal handienak estatu kideei dagozkiela, eta berriro eskatu die aurrekontuak eta zerga politika erabiltzeko krisiaren kalteei aurre egiteko. Alemaniak, Espainiak, Italiak eta beste estatu kide batzuek funts bereziak iragarri dituzte osasun gastuei aurre egiteko, enpresa txikiei eta ertainei finantzaketa errazteko, eta sektore batzuen geldialdiaren ondorioz lana galduko dutenei laguntzeko.

EBZk, berriz, ez du interes tasa ofiziala aldatu —zeron daude 2016az geroztik—, eta bere horretan utzi du bankuek EBZn dirua gordetzeagatik ordaindu behar duten interesa, %0,5ekoa. Horren ordez, iragarri du indartu egingo duela zorra erosteko programa. 2019ko urtarrilean eten zuen pentsatuta bere lana egina zuela, baina urte horretako azaroan berriro martxan jarri behar izan zuen, ikusita hazkundea oso motela zela. Gaur egun hilero 20.000 milioi euroren zor publiko eta pribatuak erosten ditu merkatuetan; orain beste 120.000 milioi euro gastatuko ditu urtea amaitu bitartean. Lagardek aipatu duenez, nahiko zor izango da erosteko, euroguneko estatu batzuek zorpetu egin beharko dutelako «osasun gastu gehigarriei aurre egiteko».

Bestalde, bankuei nahi beste likidezia bermatzen dieten TLTRO programak zabalduko ditu.

Erabakiak «aho batez» hartu dituztela zehaztu zuen Lagardek. EBZ zatituta dago, ekonomiari eusteko ezohiko neurriak babesten dituztenen eta neurri horiek bertan behera uztea defendatzen dutenen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.