Eskoziarrek independentziari ezezkoa eman diotela jakitearekin batera arnasa hartu dute Londresko eta Europako merkatuek. Burtsek igoerekin ospatu dute erreferendumaren emaitza, eta bereziki Madrili egin dio mesede. Londresko FTSE burtsak %0,71ko igoera izan du, Pariskoak %0,49 egin du gora, Milangoak %0,50, Frankfurtekoak %0,60, eta Espainiako IBEX 35-ak %1,12.
Burtsetako adituek iragarri zuten Eskozian independentziaren aukerak irabaziz gero ezegonkortasuna nagusituko zela merkatuetan, eta batez ere Espainia kaltetu zezakeela ziurgabetasun horrek, eskoziarren baietzak Kataluniaren galdeketarako aukera hauspotuko zuelakoan. Ez da horrelakorik gertatu, baina eskoziarren ezeztzak ere Madrilgo burtsan eta arrisku sarian izan du eraginik handiena. IBEX 35a 11.191 puntutaraino igo da, 2010eko apiriletik izandako maximora iritsiz. Espainiaren arrisku saria ere 2010eko maiatzetik izandako minimoetara iritsi da, 120tik 110 puntutara. EBko herrialde perfierikoetan ere beherako joera izan du gaur arrisku sariak: 129 puntutara erori da Italian, 208ra Portugalen eta 470era Grezian.
Gainera, IBEX 35ean goarakadak izan dituztenen artean Iberdrola euskal konpainia dago, %1,13ko igoerarekin. Interes handiak ditu Iberdrolak Eskozian —17.800 milioi euroko aktiboak ditu bertan—, Scottish Powerren jabea baita. Azken bi asteetan, bereziki inkestek baietza garailetzat jo eta gero, euskal konpainiak merkatuetan izandako %3ko galerak berreskuratzea espero dute orain.
Eskoziako konpainien eta liberaren igoera
Londresko burtsaren gaurko igoeraren onuradun nagusiak egoitza Eskozian duten konpainiak eta bankuak izan dira. Hain zuzen ere azken asteetan ezetzaren aldeko kanpaina hauspotu dute Royal Bank of Scotland (RBS), eta Lloyds bankuek, independentziak irabaziz gero egoitza Edinburgotik Londresera lekualdatuko zutela iragarriz —gauza bera iragarri zuen jabe australiarrak dituen Clydesdale Bankek ere—. Gaur bi banku horiek izan dituzte gorakadarik handienak: %3,30 igo da RBSren akzioen balioa eta %2,11 Lloydsena. Horrela, azken egunetan izandako bolada txarra itxi du Londresko burtsak: azken bederatzi egunetatik zazpi jaitsierekin itxi zuen, eta bi egunetako igoerak oso ahulak izan ziren (%0,02 eta %0,11).
Erreferendumaren emaitzaren beste onduradun nagusietako bat kanpainan eztabaidagai nagusienetako bat izan dena da: libera esterlina. Ezezkoaren garaipena baieztatzearekin batera, goizaldean gorakada handia izan du Erresuma Batuko monetak, azken bi urteetan euroarekiko izandako maila indartsuenera irisiz: 78,1 penny euro baten truke. Libera bat 1,65 dolarren truke aldatzeraino iritsi da diruaren gorakada: bi egunetan, beraz, %1,3 egin du gora liberak. Joan den astean baiezkoa garailetzat jotzen zuen inkesta atera zenean 1,605 dolarretaraino ondoratu zen libera, azken hamar hilabeteetako mailarik apalenera. Baina lehengo maila berreskuratu du eskoziarren erabakiaren ondorioz.