Merkealdiaren kosmetika garbitu bezain pronto inflazioak gora egin du, nabarmen gainera. Urteko lehen bi hilabeteetan %0,5 eta %0,1 jaitsi ziren prezioak Hego Euskal Herrian; martxoan, aldiz, %0,8 igo ziren, merkealdiaren efektu lasaigarria desagertuta. Urte arteko tasak maila altuan jarraitzen du (%3,8). Joan den urte osoan tasak ez zuen kopuru hori gainditu.
Martxoan Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %0,9 igo zen Nafarroan eta Gipuzkoan, eta %0,8 Bizkaian. Arabak hilabeteko daturik onena izan zuen, %0,6ko hazkundearekin. Hala ere, urte arteko tasarik handiena jasaten dute arabarrek, alde handiz: %4,6.Igoera orokorra izan da, gainera. Komunikazioetan izan ezik, sektore guztietan igo dira prezioak. Etxebizitza alokairua izan da gehien garestitu den sektorea, %7,8 eta %8,1 artean. Atzetik garraioak ditu, igoera adierazgarri batekin: %5,5 eta %5,9 artekoa. Alkoholdun edariek eta tabakoak, era berean, %5,2 garestitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.Sindikatuen irudiko, dagoeneko ezin zaio prezioen hazkundearen erru guztia bota petrolioaren eta erregaien salneurriaren etenik gabeko igoerari. ELAk, esaterako, Europako Batasunean urte arteko hazkundea %2,2 baino ez dela argudiatu zuen. Prezioen igoera, ELAren irudiko, enpresen etekinen ondorio zuzena da. Espainiako Bankuak adierazi duenez, finantza arlokoak ez diren enpresen mozkinak %26,2 igo ziren iaz.LAB sindikatuak, berriz, langileak eros ahalmena galtzen ari direla azpimarratu zuen. ELAren iritziarekin bat egin du LABek, eta soldatak inflazioaren gainetik igotzeko exijituko duela iragarri du. CCOOren aburuz, inflazioa «kontrolik gabe» dago, eta etorkizunean hazten jarraitu ahal izateko euskal ekonomiari «kalte handia» egiten dio. Antzeko argudioa iritsi zen enpresaburuen partetik. Adegik azken zazpi urteotan Espainiaren eta Eurogunearen artean pilatu den inflazio aldea zortzi puntukoa dela azpimarratu zuen. Horrek Gipuzkoako enpresak kaltetzen dituela ohartarazi du, ezinezkoa zaielako salneurriei eustea.
Merkealdiaren efektua igaro orduko %0,8 igo da inflazioa Hegoaldean
Sindikatuen ustez, prezioen etengabeko hazkundea ezin zaie bakarrik erregai garestiei leporatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu