Ezohiko hasiera izan du merkealdi garaiak Araban. ELA, CCOO eta UGT sindikatuek merkataritzako ehungintza sektoreko langileak grebara deituak zituzten atzorako, «bidezko» lan itun baten alde. Protestek ez zituzten dendak itxi —tarteka batzuk gelditzea lortu bazuten ere—, baina piketeen ekimenak salneurri merkeen bila ari ziren bezero askoren arreta piztu zuen behintzat.
Egunero bezala, 10:00etan ireki zituen ateak Zaramagako Boulevard merkataritza guneak. Laster geratu zen garbi ez zela besteak bezalako salmenta egun bat izango. Izan ere, arropa saltoki nagusietako asko biltzen dituen gunea da, eta denda horietako batzuen langile batzordeek aldez aurretik babestu zuten deialdia, hala nola Inditex taldeko gehienek —Zara, Pull&Bear, Bershka, Massimo Dutti eta Oysho—, H&Mk, Gablesek, Blancok eta Kirolak-ek.
Piketeen oihuek protesta saltokiz saltoki eramatea lortu zuten. «Gaur ez da erosten, greba eguna da», eta «800 euroko soldatekin, ezin dugu bizi» oihukatzen zuten grebalariek, beste lelo askoren artean, baita lanean ari zirenei «eskirolak» izatea egotzi ere. Piketea hurbiltzen ikusi bezain pronto, denda askok pertsiana osorik edo erdizka jaistea erabaki zuten; bezero batzuek, berriz, axola gabenahiago zuten erosten jarraitu.
Ertzainek orpoz orpo jarraitu zituzten grebalariak. Saltokietara sar ez zitezen ahalegindu ziren, eta sarreratik «metro batera gutxienez» egon behar zutela ohartarazi zieten. Haatik, langile batzuek lortu zuten kontrolari ihes egitea, eta Pull&Bear dendan eserialdi zaratatsu bati ekin zioten, harik eta brigada mugikorreko poliziek atera zituzten arte, indarra erabili gabe.
Istilu handirik gabeko goiza izan zen, Poliziak zenbait lagun identifikatzea erabaki bazuen ere. Hori bai, Boulevard merkataritza guneko zuzendaritzari ez zitzaion askorik gustatu hedabideen presentzia, eta zinpeko guardiak bidali zituen kazetariei baimenik gabe ezin zutela grabatu edo argazkirik atera esatera. Ordurako, material grafiko ugari bildua zuten, hala ere.
Negoziazioak, berriro
Eguerdian mobilizazioak hirigunera lekualdatu ziren, eta antzeko eszenak errepikatu ziren Dato eta Alava Jeneralaren kaleetan dauden dendetako barrualdean zein kanpoaldean. Oihana Lasagabaster ELAko ordezkari eta grebalarien bozeramaileak deialdiaren «erantzun zabala» nabarmendu zuen, eta, dendak irekita egon arren, «saltzaile gutxirekin» ari zirela ziurtatu zuen.
Protestaren azken geltokia Victor Manuel Ibañez Unimoda patronaleko presidenteak Gorbeia kalean duen negozioa izan zen. Sindikatuen ordezkariekin elkarrizketa laburra izan zuen Ibañezek, eta heldu den ostegunerako bilera batera deitu zituen. Joan den asteazkenera arte izandako negoziazioek huts egin zuten, eta sindikatuek atzoko lanuztearekin erantzutea erabaki zuten.
Urrun daude sindikatuen eta patronalaren jarrerak. ELAk, CCOOk eta UGTk urteko soldatak KPI +%1,25 igotzea eskatu dute, baina Unimodak soilik inflazioa gaurkotzea eskaini die, eta horren truke urteko lanaldia hogei orduz luzatzea nahi du. Lasagabasterren ustez, «onartezinak» dira baldintza horiek. «Dagoeneko ordu asko, zutik eta bezeroari irribarre batekin egiten dituen sektorea gara». Araban mila langileri baino gehiagori eragiten die lan itun horrek, eta 2009tik dago izoztuta.
Arabako merkataritzako ehungintza sektoreko negoziazioetatik aparte, datorren astean argituko da Bizkaiko merkatariek eta patronalak joan den asteazkenean lortu zuten hurbilketaren ondoren akordioa egin duten edo ez.
Merkealdirik ez protestarako
Lan itun «bidezko» baten alde kalera atera dira merkataritzako ehungintza sektoreko langileak Araban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu