Herrialdeen goi bileretan ohikoak izaten dira hitz arranditsuak; ez hain ohikoak, aldiz, ekintzak, emaitzak, neurriak. Krisiaren ostean G20koek izan duten ibilbidea ikusi besterik ez dago: egin dira goi bilerak Washingtonen eta Londresen, baina oso gutxi aurreratu da. Paradisu fiskalei buruzko neurriren bat, Nazioarteko Diru Funtsari indar handiagoa emateko borondatea eta ezer gutxi gehiago.
Eta iritsi da Pittsburgheko goi bilera, irailaren 24an eta 25ean Pittsburghen, Ameriketako Estatu Batuetan. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo nabarmendu zuen emaitza konkretuak nahi dituela, erabakiak. Horretan bat omen datoz EB Europako Batasuneko agintariak.
EBko 27 herrialdeetako agintariek bilera egin zuten herenegun Bruselan, Pittsburgheko goi bilerari begira jarrerak eta iritziak bateratzeko. Bileran gai bat nagusitu zen: bankuetako eta finantza erakundeetako exekutiboen gainsariak. EBko herrialdeek zigortu egin nahi dituzte beren exekutiboei gehiegizko gainsariak ordaintzen dituzten bankuak. Ez dute zehaztu, ordea, zer den gehiegi ordaintzea.
Berez, Europako agintariek nahikoa dela esan nahi diete finantza erakundeetako arduradunei. Ezin dutela gehiegi arriskatu, arrisku horiek diruz saritu eta gero gehiegizko arriskuek hondamendia eragiten dutenean faktura gobernuei, herritarrei, eman.
Bankuen gehiegizko boterea
Ildo horretan, Merkelen ustez G20koen bilerak erantzunak aurkitu behar ditu zenbait bankuren gehiegizko botereari aurre egiteko, estatuei «xantaia egitea» saihesteko.
Europan Alemania eta Frantzia dira gainsariak murriztearen alde indar gehien egiten ari diren herrialdeak. Erresuma Batua ez hainbeste. Eta Barack Obama AEBetako presidenteak aste honetan Wall Streeten bertan finantza erakundeetako arduradunei ohartarazi die amaitu direla garai bateko gehiegikeriak.
G20koen bilerak zenbait neurri, zigor edo irizpide onartu arren, gero herrialde bakoitzak bere araudira eta errealitatera egokitu beharko lituzke.
Merkelek emaitzak eta neurriak nahi ditu Pittsburgheko bileran
Finantza erakundeetako exekutiboen gainsariak murrizteko neurriak aztertuko dituzte G20koen bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu