Zorraren krisia

Merkelek eta Bruselak gezurtatu egin dute eurogunea zatitzeko nahia

Reutersen arabera, Alemaniak eta Frantziak euroguneko kide kopurua murriztu nahi dute, eta bi abiadurako eredua jarriEuropako Batzordeak dio «guztien integrazioa azkartzea» dela irtenbidea

Miren Garate - Iker Aranburu
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Irlanda, Grezia eta Portugal erreskatatu dituzte. Baliteke Italia ere antzeko zerbaiten premian egotea. Euroguneko hirugarren ekonomia izateak, ordea, gauzak zailtzen ditu, diru asko, gehiegi, behar delako horretarako. Testuinguru horretan, orain artean ozenegi esan ez diren aukerak indar hartzen ari dira: herrialderen batzuek eurogunea utzi egin beharko duten hipotesia da horietako bat.

Reuters agentziak iturriak aipatu gabe herenegun kaleratutako informazioaren arabera, Alemaniak eta Frantziak euro-gune «txikiago eta sendoago»bat nahi dute. Bi abiadura- tan funtzionatuko lukeen eurogune bat sortzea ari dira aztertzen. Era horretan, herrialderik sendoenek integrazio ekonomiko handiagoa izatea da desioa. Negoziazioetan zerga harmonizazioaz hitz egiten dutela dio Reutersek, eta lan horiek errazteko ministerio komun bat sortzea planteatu dute. Talde sendoa bederatzi kide inguruk osatuko lukete. Zein izango diren ez dago argi, baina horietako bat Espainia litzatekeela diote. Informazio horien arabera, Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok ere badute planaren berri. Ideia Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearena dela zehaztu du Reutersek.

Alemaniako gobernuak segituan gezurtatu du halako ezer aztertu dutela. «Alemaniak helburu bakarra du: eurogunea egonkortzea gaur egun den moduan. Europako Batasuna 27 herrialdek osatzen dugu, merkatu komuna dugu eta helburu komunak», azaldu du Angela Merkel kantzilerrak.

Haren aurretik, Alemaniako finantza saileko ordezkariek ere ukatu dute eurogunea zatitzeko nahia. Bozeramaileetako batek esan duenez, eurogunea indartzeko plan bat proposatzeko txosten bat egiteko eskatu diote Europako Batzordeko presidenteari eta Eurotaldeko presidenteari. Itunak aldatzeko aukera ere eman diote. «Hortik aurrerako zurrumurru guztiak gezurra dira», esan du bozeramaileak.

Gaiak erreakzio ugari eragin ditu Europako ordezkarien artean ere. «Konponbidea guztien integrazioa azkartzea da», adierazi du Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko bozeramaileak. Haren hitzetan, Bruselak ez du Frantziaren eta Alemaniaren arteko negoziazioei buruzko informaziorik. «Europako Batasuna eta eurogunea elkarrekin doaz. Batasun zatitu batek ez luke funtzionatuko, eta bi batasun ditugun ideia sortzeak eragiten du euroguneko kideak eta oraindik sartu ez direnak banatzea».

Ondorio ekonomiko handiak

Ahrenkildek gogoratu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak gaur egungo eredua aldezten duela ardi eta garbi. Herenegun, Berlinen emandako hitzaldian, Europako Batasuna zatitzeak eragingo lituzkeen ondorio ekonomikoez hitz egin zuen Barrosok. «Hasiera batean barne produktu gordinaren %50eko kostua izango luke. Euroguneko herrialde kopurua murrizteak Alemaniaren BPGa %3 murriztea ere eragingo luke, eta milioi bat lanpostu galduko lirateke».

Barroso ez dago ados talde sendoan egon nahi dutenei baldintza gehiago jartzearekin. «Ez litzateke justua. Europako Batasun bateratua behar dugu, eta eurogunearen integrazioa ezin da egin oraindik euroan ez dauden herrialdeen kaltetan». Azaroa amaitzerako Europako Batasunaren nahiz eurogunearen gobernantza ekonomikoan sendotzeko proposamenak egingo dituela iragarri du. Besteak beste, Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari aukera gehiago eman nahi die gobernuek aurkeztutako aurrekontuak gainbegiratzeko. Tokian tokiko parlamentuek onartu aurretik iritzia emateko aukera izango du Bruselak, eta ezadostasun handiak izanez gero, bigarren irakurketa eskatuko du.

Baina negoziazioetako beste protagonista nagusiak, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, bestelako iritzia du. Aste honetan ikasle talde baten aurrean egindako diskurtsoan, bi abiadurako ereduaren alde egin du. «27 gara, eta, noski, Balkanetara ireki behar dugu. 32, 33 edo 34 izango gara. Inork ez du uste federalismoa, erabateko integrazioa, posible denik hainbeste herrialderentzat», azaldu du. Horrez gain, esan du integrazio ekonomikorik gabe ezin dela txanpon bakarra izan. «Argi dago, Europan bi abiadura egongo dira: bat, euroguneko integraziorantz; bigarrena, abiadura konfederalagoa, Europako Batasunarentzat».

Alemaniak, Frantziak eta Europako Batzordeak ez ezik, gainerako herrialdeek ere eman dute iritzia. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren esanetan, euroguneko herrialdeek eta Europako Banku Zentralak elkarrekin aritu behar dute euroa salbatzeko. «Zenbat eta gehiago atzeratu elkarlana, arriskua handiagoa izango da». Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin du ekimena. «Europak elkarrekin atera behar du krisitik», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.