Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk herenegungo bileran ez zuten aipatu zigorrik defizita gutxitzeko gomendioak aintzat hartzen ez dituzten euroguneko herrialdeentzat. Atzo, ordea, Alemaniako kantzilerrak eta Frantziako presidenteak proposatutako zigorren berri jakin zen, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari bidalitako gutunean: egitura eta kohesio funtsetako laguntzak kentzea. Bi agintariek aukera hori sartu nahi dute 2014-2020 urteetarako funtsen araudi berrietan.
Zigorretik haratago, Merkelek eta Sarkozyk diote herrialdeek egitura eta kohesio funtsetako dirua erabili behar dutela «ezinbesteko erreformak» laguntzeko. Europako Batzordeak prozesuan parte hartzea nahi dute, bai proiektuen hautaketan, bai egiteko orduan.
Euroguneko gobernu ekonomikoa indartzeko proposamenak egin zituzten herenegun Merkelek eta Sarkozyk, Parisen bildu ostean: euroguneko agintarien bilerak sustatzea, defizitak legeen bidez mugatzea, sozietate zergak parekatzea eta finantza tratuei zerga berria ezartzea. Bultzada politikoa eman zioten azken hilabeteetan Europak onartutako hainbat ituni eta lan ildori. Herenegungoa Alemaniaren eta Frantziaren buruzagitza politikoa eta ekonomikoa indartzeko ekimena ere izan zen.
Herrialde baten defizit publikoak eurogunerako ezarritako muga gainditzen badu, zorra gutxitzeko eta «herritarren zahartzearen eraginari aurre egiteko estrategiak» aurkeztu beharko dituzte, Merkelen eta Sarkozyren proposamenak aurrera egiten badu. Pentsio sistemaren erreforma, alegia. Espainiak eta Frantziak erreforma onartu dute jada.
Egitura eta kohesio funtsak potoloak dira, ia 350.000 milioi euro 2007-2013 urteetarako, Europako Batasunaren aurrekontuaren herena. Eskualde eta herrialde aberatsen eta pobreen arteko aldea gutxitzeko diru laguntzak dira. Diru gehiena azpiegiturak egiteko erabiltzen da.
Defizit publiko handiak dituzten euroguneko herrialdeek diru asko jasotzen dute Europako funtsetatik. 2007 eta 2013 artean, esaterako, Espainiak 35.200 milioi euro jaso behar ditu (2000-2006an 54.671 milioi euro izan ziren), Italiak 28.800, Portugalek 21.500 eta Greziak 20.400.
Erantzun epela
Merkelen eta Sarkozyren proposamenek erantzun epela izan dute. Europako Batzordeak babestu egin ditu; merkatuek, merkatuen iritzia burtsetako atzoko kotizazioetan oinarrituz gero, ez dute alde edo kontra nabarmen egin; eta sindikatuak neurrien kontra daude.
Europako Batzordearentzat eurogunearen integrazio ekonomikoa lortzeko «urrats garbia» dira. Europako Sindikatuen Konfederazioak (CES), aldiz, kritikatu du Merkelek eta Sarkozyk baztertu egin dutela eurobonuak jaulkitzea eta EFSF erreskate funtsa handitzea. Baita, atzeraldi betean, defizita gutxitzeko asmoz gobernuak gastua murriztera bultzatzen dituela ere. CESentzat pozgarria da Alemaniak eta Frantziak finantza tratuei zerga bat ezarri nahi izatea.
Deutsche Börse Frankfurteko burtsa kudeatzen duen sozietatea, ordea, zerga horren kontra dago. Deutsche Börsek ulertzen du erabakiaren atzean dagoen arrazoi politikoa, hau da, finantza sektoreareari krisiaren kostuak ordainaraztea, baina ez du uste neurri egokia denik finantza merkatuen osotasuna eta segurtasuna hobetzeko.
Merkelek eta Sarkozyk dirua kendu nahi diete zor handiegia dutenei
Egitura eta kohesio funtsetako laguntzak etetea proposatu dute defizita gutxitzeko aholkuak betetzen ez dituzten herrialdeeiEuropako Sindikatuen Konfederazioak eurobonuak jaulkitzearen alde egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu