Greziaren bigarren erreskatea bizkor lotzeko eta zorraren krisiaren kutsadura beste herrialdeetara ez hedatzeko esperantza bi aldiz zapuztu du Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak. Joan den ostiralean euroaren eremuko herrialdeek larrialdiko bilera egitea eragotzi zuen. Azkenean, bilera bihar egitea onartu zuen Berlinek, baina haren aldetik ezer gutxi etorriko dela ohartarazi zuen atzo Merkelek: «Erantzukizun politikoa nahi dutenek badakite erantzukina ez dela pauso ikusgarriak egitea».
Alemaniako gobernuburuaren erantzuna kolpea da Greziarentzat, irailetik aurrera egin behar dituen ordainketak egiteko dirua ziurtaturik ez duelako. Eta kolpea da Espainiarentzat eta Italiarentzat ere, Europako Batasunaren zalantzek eta atzerapenek presio handia jarri baitute haien zorrean.
Nazioarteko Diru Funtsa ere ez da pozik egongo, atzo ziurtatu baitzuen euroaren krisiak EB osoari ez ezik munduko ekonomiari ere kalte egingo diola eta hazkundea apalduko dutela. «Krisia konpontzeko atzerapenek agian oso garesti ordainduko dira», abisatu du Luc Everaert funtseko eurogunerako adituak. Haren arabera, gobernuburuek lehenbailehen argitu behar dute zer neurri hartu behar dituzten kutsadura eragozteko.
Astelehenean goia jo zuten bigarren merkatuan Italiaren eta Espainiaren zorraren interesek, eta atzo presioa pixka bat arindu zen. Espainiak, ordea, duela hilabete baino puntu portzentual bat gehiago pagatu beharko du interesetan urtebete eta urte eta erdi barru itzuli beharko duen zorraren truke. Hori bai, azkenean saldu zuena (4.448 milioi ) ia halako hiru eskatu zioten.
Merkelek ohartu du bihar ez dela urrats ikusgarririk egingo
Euroaren krisiaren konponketa atzeratzeak «oso garesti» ordainduko dela ohartarazi du NDFk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu