europa

Merkelen lehen bisita bihar Greziara krisia hasi zenetik

Alemaniako kantzillerra Samaras lehen ministroarekin bilduko da, besteak beste; Syrizarekin ez. Mezu bikoitza zabaldu du Alemaniak: Greziaren ahalegina aitortuko dutela, baina ez diotela presioa murriztuko. Protesta ekimenak daude deituta.

2012ko urriaren 8a
16:11
Entzun

Krisi ekonomikoa hasi zenetik —2008-2009tik—, Angela Merkel ez da sekula joan Greziara —bidaia instituzionalean bederen—, baina Greziari buruzko hamaika erabaki ekonomiko hartu izan ditu. EB Europako Batasuneko herrialderik garrantzitsuena da Alemania, EBko kide Grezia krisi handian da, Europaren ibilbidea baldintzatzeraino, eta horregatik da, ustez, erabakiak hartu beharrean Merkel harekiko, greziar herritarrak amorratzeraino.

Bihar hara joango da; Atenasera, hain zuzen. Parlamentuaren kanpoan eta hiriburuaren erdialdean sei mila polizia egongo dira, segurtasuna bermatzearren. Alemana ibiliko den eremuak itxi egingo dituzte ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. Eragile askok protesta ekimenak antolatuak dituzte; adibidez, sindikatu garrantzitsuenek hiru orduko lanuztera deitu dute, baita manifestazio batera ere.

Merkel jarrera onarekin joango dela esan du Guido Westerwelle Alemaniako Kanpo Harremanetarako ministroak. "Greziako Gobernuaren lana aitortuko du. Greziak aurrekontu eta zorraren krisi larria konpontzeko egindako ahaleginari keinu bat egingo dio Europak".

Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak egin ditu txanponaren beste aldeko adierazpenak. Hau da, bisitak ez duela esan nahi Greziari erreformak gauzatzeko presioa murriztuko diotenik, epeak txikitu dizkiotenik eta finantza laguntza gehiago emango diotenik. "Kontua hori da; beste guztia, fantasia baino ez da", adierazi du Schaublek.

Troikak —Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak—, hil honetan egingo du Greziari buruzko txosten berria, eta hor ikusiko da honek noiz egin beharko duen erreskatearen hurrengo ordainketa.

"Grezia lagundu egin nahi dugu", azaldu du Merkelen bozeramaile Steffen Seibert, baina ez dio garrantzi berezirik eman kantzillerrak Atenasera egingo duen bidaiari. Seiberten arabera, Andonis Samaras Greziako lehen ministroak bisita gonbidapena egin zion Merkeli eta honek baiezkoa eman dio, "besterik gabe". 

Ez da bilduko Syriza alderdiarekin

Samarasekin ez ezik, Karolos Papulias Greziako Errepublikako presidentearekin, enpresarioekin eta Pasok-eko liderrarekin bilduko da. Ez oposizioko buruarekin: Alexis Tsipras, Syriza ezkerreko alderdiko arduradunarekin. "Gobernua banku eta kapitalaren menpe dagoela baino ez da ikusiko bisita honetan", esan du Tsiprasek.

Alemaniako nagusia 2007an izan zen azkeneko aldiz Grezian; orduan ere, Atenasen. 2005eko azarotik da kantzillerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.