Angela Merkelek Atenasera egindako sei orduko bisitak mezu gurutzatuen kronika izan zen. Kalean, protesta jendetsuekin eta istiluekin haserrearen mezua bidali zioten greziarrek Merkeli, herrialdeak pairatzen duen austeritate dosi handiaren ikurtzat dutenari. Bulegoen barruan, berriz, Alemaniako gobernuburuak orain arteko bidearen apustu garbia egin zuen, eta noizbait gerrikoa estutzeak mereziko duela ziurtatu zien greziarrei.
Greziako Gobernuak ahalegin handiak egin zituen kantzilerraren aurkako protestak botereguneetatik urruntzeko. Inoiz ez bezalako segurtasun neurriak hartu zituen arren —6.000 poliziatik gora zeuden hiriburuan—, erdizka baizik ez zuen lortu. Ez ziren aurreko protesta egunetako txikiziorik ikusi, eta polizien eta manifestarien arteko borrokek ez zuten ondorio larriegirik utzi. Baina tentsioa eta indarkeria izan ziren egun osoan zehar, eta zuzeneko telebista emanaldiei eta dozenaka kamerei esker, kontinente osoko hedabideen arreta erakarri zuen. Arratsalde erditsuan 193 atxiloketen berri eman zuen Poliziak, baina horietatik hamahiruk soilik bukatu zuten polizia etxean. Manifestazioetan nagusi izan ziren Merkelen aurkako oihuak, baita gaurko egoera nazien garaiko okupazioarekin parekatzen zuten salaketak ere. Naziz mozorrotutako protestariak izan ziren.
Protestak handiak izan zirela jakin arren, eta haiekin Antonis Samarasen koalizio gobernu ahula are gehiago desorekatzeko arriskua egonagatik, Merkelek onartu zuen Atenasera joatea. Horrekin mezu batzuk zabaldu nahi zituen. Batetik, hainbat hilabeteko zalantzen ondoren, Grezia eurogunean jarraitzearen aldekoa dela. Ikuspuntu horrekin ez datoz bat bere gobernuko aliatuak —FDP liberalak eta CSU bavariarra—, ezta CDU bere alderdiko batzuk ere. Uzkurren artean dago Wolfgang Schaueble Finantza ministroa.
Beste mezu bat, sostenguarena, Samarasentzat izan da. Hark gonbidatu zuen, orain hartuko dituen neurri gogorrek —13.500 milioi euroren murrizketak— zerbaiterako balioko dutela erakusteko. Ildo horretatik, Samarasek adierazi zuen Grezia erreforma ekonomiko gehiago egingo dituela horrekin «nazioartearen konfidantza» berreskuratzeko. «Greziarrak odoletan daude, baina euroan jarraitu nahi dute».
Samarasekin batera egindako agerraldian, Merkelek ere onartu zuen berak bultzatzen duen austeritatea ez dela doakoa: «Ez naiz leziorik ematera etorri. Hona etorri naiz jakinda Grezia oso garai latza pasatzen ari dela eta jende asko sufritzen ari dela». Baina hitz neurtuekin izan bazen ere, sufrimendu gehiago jasateko eskatu zien greziarrei. «Arazoak ez baditugu orain konpontzen, aurrerago azalduko dira modu dramatikoago batean». Horrek guztiak noizbait ondorio onak izango dituela promesa baten truke. Greziarrak lasaitu nahian, sufrimenduaren «bidearen zati handi bat atzean» geratu dela gehitu zuen.
Bost urte atzeraldian
Bide hori erosoago eta jasangarriago egiteko Samarasek zorra pagatzen hasteko denbora gehiago eskatu die Europako Batasuneko kideei: «Ez dugu diru gehiago eskatzen, oxigenoa baizik». Jendaurrean behintzat, Merkelek ez dio eskaera horri erantzun. Eta atzo iskin egin zion Atenasen beste eskaera bati: bigarren erreskateko 30.000 milioiren mailegua baimentzeko. «Troikaren txostenaren zain gaude», erantzun zuen Merkelek. Diru hori gabe, Grezia dirurik gabe geratuko da hurrengo asteotan.
Greziak atzeraldian daramatza bost urte, eta jada bere barne produktu gordinaren %22 galdu du.Aurten beste %6 galduko duela dio Nazioarteko Diru Funtsak, eta %4 2013an. Langabezia %25,4ra iritsiko da, eta gazteena %55era.
Mezu gurutzatuak Atenasen
Herritarren haserre erakustaldiaren aurrean, Greziako Gobernuari sostengua adierazi dio Merkelek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu