Frantziako Gobernuak onartu duen lan erreformaren aurkako protestara deitu dute gaurko. Ipar Euskal Herrian ere izan dira protestak. Blokeo bat agindua zuten lan erreformaren aurkakoek, eta hala egin dute Miarritzeko ordainlekuan.
Kamioiak blokeatu dituzte, eta autoak doan igaro dira ordainlekutik. Bertara joan dira jendarmeak, baina bazter batean geratu dira. 12 kilometrorainoko auto ilarak sortu dira. Ondoren, manifestazioa egin dute Baionan, eta, sindikatuen arabera, 2.000 lagun inguru elkartu dira.
Miarritzeko ordainlekua blokeatu du lan legearen kontrako @jusquauretraitk kolektiboak @berriapic.twitter.com/0bjCCcK7P1
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2016(e)ko ekainak 14
Horrez gain, hegaldi ugari bertan behera utzi dituzte Miarritzeko aireportuan, Air France konpainiako pilotuen greba dela eta. Parisko Orly aireportura joateko lau hegaldi, Marseillara joateko bat eta Bruselara joateko beste bat ez dira aireratu edo aireratuko. Sei hegaldi horien itzuliko bidaiak ere bertan behera utzi dituzte.
Frantziako Senatua astelehenean hasi zen gobernuaren erreforma proiektua eztabaidatzen, eta hilaren 24ra arteko epea du. Frantziako Asanbleak 49. artikuluaren bidez onartu zuen proiektua, bozketarik egin gabe.
Duela lau aste ere egin zuten protesta lan kodearen erreformaren aurka. Ehunka lagun elkartu ziren Baionako manifestazioan; aurrekoetan, berriz, 3.500 inguru batu ziren. Maiatzaren 19an, berriz, zenbait lantegi geldiarazi zituzten protesten eraginez.
Manifestazio handia Parisen, istilu gogorrekin
Protesta eguna «erraldoia» izatea nahi zuten CGTk eta lan legea bertan behera geratzea eskatzen duten beste sindikatuek eta mugimenduek. Hori lortu nahian, indarrak Parisen biltzea erabaki zuten, baita lortu ere, jendetza bildu delako Italie eta Invalides plazen arteko bost kilometroko ibilbidean. Antolatzaileek milioi bat lagun bildu direla aipatu dute; 75.000-80.000 zirela ziurtatu du Poliziak.
Manifestazioaren zati batek, arduradun sindikalak buru zituenak, arazo handirik gabe egin du aurrera, baina beste zati batzuetan borroka gogorrak gertatu dira polizien eta manifestarien artean. Parisko prefeturak «istiluak eragiteko asmoa zuten ehunka kaputxadun» izan direla ziurtatu du, eta haiei egotzi die istiluak hastearen eta hainbat saltokitan txikizioak eragitearen ardura. Polizien indarkeria salatu dute, aldiz, manifestari batzuek. Ura botatzen duen kanoia eta gas negarrerazlea erabili dituzte segurtasun indarrek, eta hainbat oldarraldi egin.