Langabeziak apirilean jaitsiera arina izan badu ere, lanari lotutako albiste txarrek ez dute etenik. Aldi baterako enplegu erregulazioa ezartzeko asmoa iragarri zuen atzo Michelinek. Frantziako gurpil eta pneumatiko ekoizlea Euskal Herriko enplegu emaile nagusietako bat eta enpresa historikoa da. Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantegietan 3.800 behargin ditu. Dosierrak 2.200 langileri eragitea nahi du konpainiak.
Euskal Herrian eta Espainian dituen lantegietako ordezkari sindikalekin bilera egin zuen atzo Michelinek Gasteizen. Produkzioaren «geldialdi esanguratsua» gertatuko dela iragarri zien, produktu gehienen eskaera nabarmen murriztu zaiolako. Arazoa autoen eta kamioien salmentak Espainian izan duen jaitsierarieta nazioarteko merkatuen susperraldi faltari egotzi zion. Enpresaren arabera, oso jarduera gutxi libratuko dira produkzio murrizketaz: ingeniaritza zibila, nekazaritza eta mintz ekoizpena baino ez.
Egoerari aurre egiteko, 4.800 langileren kontratua behin behinean etetea proposatu die enpresak sindikatuei, horietatik 1.700 Gasteizen eta 500 Lasarte-Orian. Dosierra maiatzetik irailera egongo litzateke indarrean, eta, asko jota, langile bakoitzak 36 egunez etxean geratu beharko luke. Sindikatuei albistea jakinarazi eta dokumentazioa eman ondoren, hurrengo bilera datorrenasteartean izango dute, Lasarte-Orian.
Irabazietatik erregulaziora
Enpresaren proposamena salatu zuen LABek, edukia jakin bezain pronto. Dosierra justifikatzeko ekoizpen datuak erabili zituen enpresak, baina salmentei buruzko informaziorik ez zuela jakinarazi azaldu zuen sindikatuak, prentsa ohar baten bidez. Milaka milioi euroren etekinak dituen konpainia dela ohartarazi zuen LABek, gainera. «2011. urtean 1.462 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean baino %39 gehiago. Espainiako datuak ere onak izan ziren». Lasarteko lantegian boto gehien dituen sindikatua da LAB.
Haatik,erregulazioaren inguruko negoziazioa lantoki arteko batzordean egiten ari da, eta, hor, UGTk eta CCOOk dute gehiengoa, CSI-F bulegoetako sindikatuarekin batera. Hurrengo bilerara begira «aldarrikapen ekonomikoak» eramango dituztela azaldu zuten UGTk eta CCOOk, baita egoera bereziak kontrolatzeko eskaerak ere. «Eragindako langile guztientzako irtenbiderik bidezkoena lortu nahi dugu, Michelinek orain dituen lan baldintzei, inbertsioei eta enpleguari eustea laguntzeko».
Kontuan hartu behar da lan erreformaren ondoren Michelin ez dagoela behartuta dosierra langileen ordezkariekin adostera, eta akordiorik ezean ez duela Lan Ministerioaren baimenik behar erregulazioa indarrean jartzeko. Hori bai, langileek aukera lukete dosierraren aurka auzitegietara jotzeko, enpresak erabili dituen argudioak errefusatzeko.
Gurpil eta pneumatiko sektoreko multinazional handienetako bat da Michelin. 1888. urtean sortu zen, eta gaur egun 69 lantegi eta 108.500 langile ditu mundu osoan. 2011. urtean 20.719 milioi euroren salmentak izan zituen, azken bost urteetako handienak, eta irabazietan ere goia jo zuen. Aurtengo lehen hiruhilekoan ere salmentak %5 handitu ditu, eta enpresak ontzat jo du emaitza, iaz ezohiko salmentak pilatu zituelako, prezioak igo aurretik.
Euskal Herrira aspaldi iritsi zen enpresa. Lasarte-Oriako lantegia 1934. urtean jarri zen martxan. Gaur egun, batez ere, motorrentzako gurpilak egiten ditu. 1966. urtean Gasteizen beste lantegi bat ireki zuen. Arabako hiriburuan herri lan publikoetarako pneumatikoak eta autoentzako gurpilak ekoizten ditu.
Joan den astean Lasarte-Oriako lantegian azken lau urteetan egindako moldaketa amaitutzat jo, eta jendaurrean aurkeztu zuten Michelineko buruzagiek. 80 milioiko inbertsioaren emaitza nabarmendu zuten, baina ez zen hitzik izan etorriko zen erregulazio eskaerari buruz.
Egindako moldaketa gogor kritikatu zuten LABetik. Esku artean zuten jarduera gehiena «lekualdatzeko» baliatu dela salatu zuen sindikatuak, eta horren ondorioz 800 lanpostu galdu direla, 550 zuzenekoak eta beste 250 zeharkakoak. Lasarte-Orian eta Usurbilen beste 500 lanpostu sortuko zituela aurreratu zuen Michelinek, fundazio baten bidez, baina horien arrastorik ez dagoela nabarmendu zuen LABek.
Michelinek erregulazioa egin nahi du, iaz %40 gehiago irabazi ondoren
Maiatza eta iraila bitartean Gasteizko eta Lasarteko 2.200 langileri kontratuak eten nahi dizkie, gehienez ere 36 lan egunerakoUGT eta CCOO prest daude baldintzak negoziatzeko; LABek gogor salatu du ideia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu