'CAN AUZIA'

Miguel Sanz eta Enrique Goñi, ikerketapean

Maria Paz Benito epaileak ebatzi du Banca Civicaren inguruko auzia Auzitegi Nazionalera igortzea eta gainerako guztia Iruñean ikertzea. Barcinak dio "lasai" dagoela.

Berria.info
2013ko otsailaren 4a
18:48
Entzun

Oso urrats garrantzitsua egin du gaur Maria Paz Benito Iruñeko 3. Instrukzio auzitegiko epaileak. Epaileak aztertu egingo ditu Kontuz Nafarroako Kutxako bezeroen plataformak Nafarroako Gobernuko presidente ohi Miguel Sanzen eta Nafarroako Kutxako zuzendari ohi Enrique Goñiren aurka jarritako salaketak. Gainera, aurrezki kutxaren inguruko auzi guztiak Nafarroan ikertuko dira, eta Banca Civicarenak Madrilen.

Hala, UPDk Banca Civicako hamalau kontseilariren aurka jarritako salaketa Auzitegi Nazionalera igorriko du, eta Kontuz-ek Banca Civicaren fusioari dagokionez jarritako salaketaren zati bat ere Madrilera igorriko du. Maria Paz Benito epaileak argudiatu duenez, Auzitegi Nazionalaren eskumena da prezioen manipulazioaren inguruko auziak ikertzea, baldin eta Espainiako ekonomiari eragiten badio edo erakunde baten ondarearen galerak lurralde bati baino gehiagori eragiten badie. Hala, epaileak ulertzen du Banca Civica bat egiteko prozesuari zein burtsaratzeari buruzko ikerketa Auzitegi Nazionalari dagokiola ikertzea. Gainerako guztia Nafarroan ikertuko da.

Autoan, Goñi eta Sanz inputatu gisa ageri dira hasieran. Auzitegiko iturrien arabera, salaketaren tramite informatikoaren kontua baino ez da hori. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko arauen arabera, salaketaren tramite informatikoan salatuak edo salaketa egotzitakoak 'inputatu' gisa agertzen dira, baina egiazki ez dira inputatu. Epaileak aurrerago deklaratzera deituz gero, 'lekuko' edo 'inputatu' gisa egitea erabaki beharko luke. Bigarren kasuan, inputatuko lituzke. Bitartean, euren aurkako salaketa baino ez dute, baina ikerketa abiatu da.

Epaileak CaixaBanki eskatu dio Nafarroako Kutxak eginiko bileren aktak eta bilkura horietara joandakoei ordaindutako dieten ordainagiriak emateko. Era berean, 2010etik 2011ko azarora bitarteko Erakunde Sortzaileen Batzordeari buruzko aktak eskatu dizkio, eta zer diru kobratu zituzten batzorde horietako kideek —ustez, Sanzek, Barcinak, Alvaro Mirandak eta Enrique Maiak osatu zuten batzorde hori, eta publiko egin gabeko sariak kobratu zituzten—. Gainera, 2002tik 2010erako kontu ikuskatuak eta "2005etik 2009ra administrazio kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kide guztiei, euren senideei edo enpresei zeharka edo zuzenean emandako kreditu eta berme operazioen zehastasunak" eskatu dizkio.

Espainiako Bankuari 2002tik 2009ra bitarteko bere ikuskaritza taldeak egindako txosten eta dokumentu guztiak helarazteko eskatu dio, baita Nafarroako Gobernuari ere, baldin eta "inoiz" kutxaren ikuskaritzarik egin badu.

Barcina, lasai

Epailearen erabakiaren berri izatean, lasai agertu da Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Barcinak esan du "konfiantza" duela Justiziarengan.

Kontuz-ek, lehen balorazioan, epailearen erabakia "oso positiboa" dela deritzo. Orain arte garrantzi berezia eman diote auzia Nafarroan ikertzeari, eta Banca Civicaren inguruko kontuak salbu, gainontzeko guztia Nafarroan ikertzea erabaki izana garrantzitsua dela deritzote.  Arratsaldean prentsa oharra kaleratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.